Bideografik ekoiztetxe durangarra arduratzen ari da filmaren ekoizpenaz eta Astigarragako Oialumen, Aian, Amezketan eta Usurbilen hainbat hilabetetako grabaketak egin ostean, 2025eko udazkenean estreinatuko dute dokumentala.
Bideografik ekoiztetxeak jakitera eman duenez, Akelarre talde mitikoa bueltan da, baina oraingoan, 33 urteko historia kontatzen duen dokumental batekin. Ekoiztetxe durangarra arduratzen ari da filmaren ekoizpenaz eta Astigarragako Oialumen, Aian, Amezketan eta Usurbilen hainbat hilabetetako grabaketak egin ostean, 2025eko udazkenean estreinatuko dute.
Akelarre musika taldea 70. hamarkadan, Soraluzen sortu zen plaza taldea da. Euskara hutsezko errepertorioaren alde egiten lehenengoetarikoak izan ziren eta euren rock estiloko abestiak ingelesezko taldeen euskarazko bertsioekin nahasten zituzten.
Euskal herriko plaza gehienetan aritu izan da taldea ibilbide osoan zehar eta hamasei disko argitaratu zituen. 2005ean Akelarrek agur esatea erabaki zuen eta agertokiak utzi zituen. Baina, 2009ko uztailaren 30ean zuzenekoetara itzuli zen taldea, Azpeitian. Kontzertu gutxi batzuk emateko elkartu ziren Markos Juaristi, Pako Diaz, Juanma Labandibar, Edu Cruz, Patrice Dumora, Xabi Zubeldia, Juanpa Agirre eta Xanet Arozena taldekideak.
Orain, azken diskoa argitaratu zutenetik 20 urte pasa direnean, dokumentalarekin itzuliko dira. Taldekideek, hala ere, ez dute argitu eszenatokietara itzuliko diren.