(argazkia: Bertsozale Elkartea)

Alaia Martin finalaurrekoetarako sailkatu da

Getxon jokatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioa; bihar izango da hurrengo saioa, Arrasaten.

Getxoko Muxikebarri zentroak hartu du gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo saioa 600 lagunen aurrean. Imanol Artola Arretxe Felix gai-emaileak gidatu du saioa: “Urtebete atzeratuta baina iritsi da Bertsolari Txapelketa Nagusia”, entzun da bozgorailutik. Laster aurkeztu du zozketak erabakitako ordenan gaur kantuan aritu den seikotea: Oihana Bartra Arenas, Nerea Elustondo Plazaola, Agin Laburu Rezola, Peru Abarrategi Sarrionandia, Unai Mendizabal Jauregi eta Alaia Martin Etxebeste.

Ariketa puntuagarriak egin ostean, Alaia Martin izan da gaurkoan puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 738 puntu. Beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoetara eta Elizondon kantatuko du urriaren 22an. Haren ondotik geratu dira Nerea Elustondo 695rekin, Agin Laburu 685rekin, Oihana Bartra 653,5ekin, Unai Mendizabal 635ekin eta Peru Abarrategi 627rekin. Bertsozalek jakinarazi duenez, “horiek lehen faseko saio guztiak amaitu arte itxaron beharko dute finalaurrekoetara sailkatu diren edo ez jakiteko”.

Epaile lanetan Egoitz Iradier, Eneko Bidegain, Jurgi Fuentes, Karlos Ibarguren, Leire Beloki, Miriam Juaristi eta Saioa Mitxelena aritu dira. Idazkari lanetan, berriz, Joxe Mari Altuna eta Itziar Basterretxea.

Ofiziotan aritu dira bertsolariak lehenengo: zortziko handian eta zortziko txikian. Gaia emanda puntuari hiru aldiz erantzun eta gero, ofiziotan aritu dira berriro, hamarreko txikian. Azkenik, ganbarako lana: “Epailearen aurrera ekarri zaituzte. Esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo”. Hiruna bertso bota dizkiote gaiari sei bertsolariek.

Ohi moduan, bertsolarien agurrekin bukatu da saioa.

Zabaldu: