Alaia Martinek jantzi du txapela Donostia Arenan

Beñat Gaztelumendirekin buruz-burukoa jokatu zuen oiartzuarrak.

Donostia Arena bertsozalez bete zen atzo. Bertsozale Elkartearen arabera, 6.500 lagun elkartu ziren bertan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren azken egunaz gozatzeko;

15:30ean zabaldu zituzten ateak eta aulkiak betez joan ziren bertsozaleak, 17:00etarako dena prest zegoen: antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak eta, zortzi protagonistak: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristainek aurkeztu zuen saioa eta, sarrerakoa egin eta gero, gogoz txalotu zuten bertsolarien sarrera Illunben batu ziren bertsozaleek.

Ariketaz ariketa osatu zuten lehenengo atala Iker Iriarte Iribar gai-jartzailearen gidaritzapean, eta iritsi zen buruz-burukorako tartea. “Buruz-burukora pasatuko diren bi bertsolariak, ordena alfabetikoan, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi. Txaloak berriro.

Beste hiru ariketa eta zortzi epaileek ere bukatu zituzten lanak. Atzokoan, lan horren ardura izan zutenak, hurrengoak izan ziren: Bakarne Urreaga Etxeberria, Eneritz Azkue Basurko, Iñigo Legorburu Arregi, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde eta Oihana Aranguren Etxaniz. Puntuazio guztiak batuta, Aratz Irazustabarrena Garmendia idazkariak oholtzaraino eraman du puntuazioen orria. Orduan bai, horrela esan zuen Ane Ezenarrok: 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapelduna: Alaia Martin Etxebeste.

Horrela geratu zen sailkapena:

  1. Alaia Martin Etxebeste………………………..1.099,5
  2. Beñat Gaztelumendi Arandia……………….1.054,5
  3. Oihana Iguaran Barandiaran …………………….637
  4. Ane Labaka Mayoz…………………………………..626
  5. Aner Peritz Manterola Euzkitze…………………617
  6. Nerea Elustondo Plazaola………………………..590
  7. Andoni Rekondo Izagirre……………………….578,5
  8. Eneritz Artetxe Eizagirre………………………..574,5

Sari emate ekitaldian, Gipuzkoako bertso eskoletako ordezkariak izan ziren oholtza gainean, eta Unai Gaztelumendik egindako irudi bana jaso zutene bertsolariek. Sari gehiago ere izan ziren: 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria Aner Peritzek jaso zuen, Patxi Goikolearen eskutik: Larraitz Iparragirre artistak egindako obra bat.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean saria jaso zuen Beñat Gaztelumendik, Koldobika Jauregi Zinkunegiren obra bat, Ekaitz Elorriaga zuzendaritza kidearen eskutik.

Eta azkenik, txapela: Arantzazu Loidi Garitanok jantzi zion Alaia Martini txapela. Goikolea zein Loidi, Almen bertso eskolaren izenean izan ziren oholtza gainean, duela 50 urte sortutako bertso eskola haren ordezkari gisa.

Zabaldu:

Utzi erantzuna