Durangoko Azokak bere laugarren eguna biziko du bihar, hilak 6, eta txanda guztietarako erreserbak agortzear daudela nabarmendu du antolakuntzak. Abenduaren 7an eta 8an ere Landakora sartzeko izena eman daiteke oraindik.
Azokak egitarau zabala izango du biharkoan ere. Hitzordurik bereziena 12:00etan izango da, Irudienean. Bertan Hala ere dokumentalaren proiekzioa izango da; lan honetan Kurdistango Kobane hiriko liburutegiaren istorioa kontatzen da. Kobane Durangorekin senidetuta dago, eta herri biek istorio amankomun bat dute, biek pairatu dituztelako bonbardaketak. Dokumentalean kontatzen den bezala, 2014. urtean DAEX talde armatuak Kurdistango hiri hau bonbardatu zuen, tartean, bertako liburutegia.
Gaur egun liburutegia berreraikitze lanetan ari dira, eta istorio hori kontatzen duen dokumentala egin du Sherwan Bilal Youssef zinemagileak. Ikus-entzunezko lan hau euskaraz azpititulatuta eskainiko da, eta aurkezpena Kobanetik etorri den ordezkaritza batek egingo du: Nariman Mohammed (Siria Ipar eta Ekialdeko intelektualen eta idazleen batasunaren presidentekidea), Rawda Hasan (Jazira kantoiko kultura ministroa) eta Manal Mohammad (Kongra Star elkarteko kidea, Siria Iparraldeko emakume mugimendu guztiak barne hartzen dituen instituzioa).
Horrez gain, Irudienean, Lander Garroren Tipularen sehaska kanta dokumentalaren estreinaldia izango da, 18:30ean.
Ahotseneako disko aurkezpenei dagokionez, bihar ere hamar zuzeneko izango dira Plateruenan. Bertara joateko ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Momentuz, bi aurkezpenetarako sarrerak agortu dira: McOnak eta Iheskide. Erreserbak egin daitezke gainontzeko zortzi zuzenekoetarako: Trigger, Jabi Patxon & Kofradia Rock, Bixente Martinez, Hibai, Iker Martinez eta zaldi herrenak, Bengo, Etxekalte + Habi eta Joseba Irazoki eta lagunak (J.I.E.L.).
Solasaldiei dagokienez, Landako Guneko Areto Nagusian eta Musika Eskolan hainbat idazle izango dira: Jon Arretxe, Irati Jimenez, Yolanda Arrieta, Alaine Agirre, Unai Elorriaga eta Jon Maia, besteak beste.
Szenatokian, berriz, 19:00etan Formol Laborategiaren Album lana ikusi ahal izango da. Edurne Azkaratek zuzendutako antzezlan honek Zubi deialdiaren V. edizioa irabazi zuen.
Saguganbara gunean ipuin kontaketak, liburu aurkezpenak eta tailerrak egongo dira egun guztian zehar, Elkartegian eta Landako Guneko Areto Nagusian.
Kabi@n geruza digitalen hirugarren saioa izango da 11:30ean Landako guneko areto nagusian: Bideojokoetako munduak euskaraz ezagutzea, posible ote?.
Talaian, bere aldetik, hainbat proiektu aurkeztuko dira: Aita Mari, Irudigintza Profesionala Euskal Herrian, Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta…