Eider Perezek eta Iban Illarramendik iazko saria irabazi zuten ‘Kiratsa’ obrarekin (argazkia: Etxepare)

Album ilustratuak sortzeko Etxepare saria eman gabe uztea erabaki dute

Epaimahaikideek adierazi dutenez, aurtengo edizioan ez da gauzatu aurreko edizioetan nabarmendutako bikaintasuna, “horixe baita album baten espiritua, eta esentzia eta finezia: ilustrazioaren eta hitzaren arteko oreka eta dotorezia. Eta hain zuzen ere Etxepare sariaren espiritua bikaintasunaren bilaketan datza, betiere sortzaileen eta irakurleen alde”.

Hausnarketa, solasaldi eta eztabaida luzeen ondoren, Miren Asiain ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatutako epaimahaiak album ilustratuak sortzeko Etxepare saria eman gabe uztea erabaki du.

Epaimahaikideek adierazi dutenez, “aurtengo edizioko lanak gogotsu eta ikusminez ikusi eta berrikusi, irakurri eta berrirakurri ondotik, esan beharra daukagu proposamen estetiko batzuk bene-benetan goraipatzeko gisakoak izan direla, jarraitu dugula gozatzen fantasiara eta errealitatera hurbiltzen gaituzten ilustrazioekin. Horrekin batera, zenbait argumentu literarioki ongi garatuak izan dira: sujerikortasuna, musikaltasuna, emozioa izan dute alde. Dena dela, iruditu zaigu ez dela gertatu bi osagai horien arteko oreka, ez dela gauzatu aurreko edizioetan nabarmendutako bikaintasuna, horixe baita album baten espiritua, eta esentzia eta finezia: ilustrazioaren eta hitzaren arteko oreka eta dotorezia. Eta hain zuzen ere Etxepare sariaren espiritua bikaintasunaren bilaketan datza, betiere sortzaileen eta irakurleen alde”.

Horrexegatik guztiagatik, “bihozminez baina arduraz” diote, erabaki behar izan dute aurtengo saria hutsik uztea.

“Album bat hegaldatzeko ehun hego baino gehiago dauzkan txoria dugu, eta aurten, zorigaitzez, hegomotz gertatu da. Baina, esan bezala, agian aukera dugu hegaldi berriak zabaltzeko, ikusmira berriak hedatzeko eta proposamen berritzaileak deskubritzeko, sortzaileen eta irakurleen alde betiere”.

Hamasei urtean, lan ugari aurkeztu dira Etxepare sarira. Alde horretatik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete edizio honetan parte hartu duten sortzaile guztiei. Alabaina, album ilustratuen berezko ezaugarri baten falta nabari dute lan horietako askok: testuen eta irudien arteko elkarrekintza. Hala, bada, hemendik goiti entitate antolatzaileek erabakiko dute “saria nola indartu eta nola zabaldu Etxepare sariak bultzatzen duen literatura genero kuttun eta ezinbesteko hau: album ilustratua”.

Nafarroako 22 toki-entitatek sortutako sariketa da Etxepare eta hamasei urtez egin izan da. Aurtengo edizioan, 26 lan aurkeztu dira.

Zabaldu: