(argazkia: Aldapeko Basque Latin Jazz)

Aldapeko Basque Latin Jazz taldeak ‘Iri barrenetik’ diskoa plazaratu du

Imanol Iribarrenek zuzentzen duen taldeak euskal doinu herrikoiak erritmo latinoekin nahastu ditu. Hala, rumba, txa-txa-txa eta jazz estiloak entzun daitezke taldearen lehen lan honetan.

Aldapeko Basque Latin Jazz Imanol Iribarren pianista eta tronboi jotzailearen proiektu pertsonal gisa jaio zen duela bi urte Rotterdam hirian (Herbehereak). Bertan zegoela, andoaindarrak talde bat sortu zuen, eta talde horretako musikari horiekin, hain zuzen, eta gerora batu diren beste batzuekin kaleratu du Iri barrenetik (Errabal) izeneko diskoa. Iribarrenekin batera, Patricia Mancheño (baxu elektrikoa), Manu Pinzon (bateria), Eva Catala (kongak eta perkusioak), Peio Irigoien (txistua, dultzaina eta tronpeta), Asier Ardaiz (tronpeta), Alvaro Jarauta (tronboia) eta Iñigo Corao (tronboia) musikariek hartu dute parte lan berrian.

Zortzikoteak euskal doinu herrikoiak erritmo latinoekin nahastu ditu. Hala, rumba, txa-txa-txa eta jazz estiloak entzun daitezke taldearen lehen lan honetan. Iribarrenek azaldu duenez, diskoak biltzen dituen sei piezak euskal kantu tradizionalak dira, eta Euskal Herriko edonork identifika ditzake, berezko soinuak mantendu egiten baitira. Euskal musikaz ezer ez dakiten beste batzuek, Herbehereetako, Madrilgo edo Valentziako jendeak, esaterako, erritmoak atseginak, alaiak eta erakargarriak direla esan digute.

Diskoa Donostiako Elkar estudioan grabatu zuten otsailaren 14 eta 15ean, Victor Sanchez teknikariaren laguntzarekin. Iribarrenek aitortu duenez, intentsitate handiko bi egun izan ziren, “goizean goiz hasi eta nekatu arte aritu ginen bertan”. Grabatzerako orduan, sei kantak jarraian jo zituzten, modu tradizionalean eta naturaltasun hori nabaritzen dela dio musikariak.

Zabaldu: