Aldatu Gidoia Euskararen Alde ekimenak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. Bertan, Intza Gurrutxaga eta Eñaut Zearra ekimeneko kideek izapidetzen ari diren EAEko Kultur Sistemaren Lege berriari buruz eta Eusko Jaurlaritzaren kultur-politikei buruz hausnarketa partekatua egin eta neurriak proposatu zituzten.
“Kultur Sistemaren Lege berriak balio behar du indarrean dagoen kultur-ereduaz hausnartzeko, eta kultur-paradigma berri baterako lehen urratsak emateko”, adierazi zuten atzo, Aldatu Gidoia ekimeneko kideek Eusko Legebiltzarreko Kultura, Kirola eta Euskara Batzordean egindako agerraldian. Euren ustez, “kultur-arloan, gehiegizkoa da Jaurlaritzako alderdien eta merkatuaren eragina”.
Aldatu Gidoiako kideen arabera, egungo EAEko kultur-eredua “turismoa indartzera eta irudia lantzera bideratu da. Kulturaren ikuspegi kritikoa eta eraldatzailea baztertu, eta sortzaileak prekarizatu dira. Kultura zerbitzu publikotzat hartzea, eta sortzailea, euskara eta kulturaren ikuspegi kritikoa eta eraldatzailea kultur-sistemaren ardatz bilakatzea eskatzen dugu”.
Kultur-erakundeen arkitektura bukatu gabe dagoela adierazi dute: “kulturan herri-ikuspegiko eta ikuspegi-estrategikoko kultur-erakunde autonomoak behar ditugu”. Kulturaren Euskal Kontseilua eta Kulturaren Euskal Behatokia “erakunde publiko autonomo eta burujabe bilakatzea eskatzen dugu, eta kultur erakunde publiko horien jarraipena, kontrola eta ebaluazioa Legebiltzarraren esku egotea”.
Gurrutxaga eta Zearraren esanetan, “kultur-politikek modu horretan izango dute izan beharreko herri-ikuspegia eta jarraitasuna, txandako Gobernuko alderdi-interesez harago”. Ekimeneko kideek kultur-erakunde horiek “langile-publikoz hornitzea” eta langileak “lehiaketa-publiko bidez eta irizpide-teknikoak eta profesionalak jarraituta” hautatzea defendatu dute.
Aldatu Gidoiaren aburuz, Kultur Sistemaren Lege berriak balio behar du “kultur-politiketan eta arloko erabakietan, herritarren eta eragileen parte hartzea bermatzeko”.
EITB ere izan zuten hizpide agerraldian, eta Kultur Sistemaren Lege berriak EITBren bideratze estrategikoari buruzko eztabaida irekitzeko balio behar duela nabarmendu zuten. Izan ere, euren esanetan, “EITB EAEko egungo kultur-sistemaren eta kultur-politiken paradigma ezin argigarriagoa” da: “bene-benetako eta egiazko zerbitzu publikoa izango den EITB behar dugu; interes politikoen eta merkatu interesen —audientzien— zerbitzura egongo ez dena. Zerbitzu publiko izatean baitago bere legitimazioa. Demokratizazio prozesu bat bururaino eraman ezean, nekez egingo du aurrera euskarak EITBn”. Ekimeneko kideen ustez, “EITBn euskarak aurrera egitekotan, zerbitzu-publikoaren eginkizunaren baitan egingo du”.
Bestalde, artisten eta interpreteen araudi propioa defendatu zuten. Euren ustez, “artistek eta interpreteek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortu beharra dago”. Gainera, “adimen artifizialaren etorreraren aurrean, arloa arautzea eta plangintza publikoa” eskatu zuten, kulturgileen eskubideak babesteko; bestalde, adimen artifizialak eragin dezakeen eraldatze-prozesuan “sortzaileak erdigunean jartzea” eskatu zuten.
Hala, “Kultur Sistemaren Lege berriak balio behar du hizkuntz-politiketan jauzia egiteko. Kulturari hizkuntzaren biziberritzean duen funtzioa aitortu eta eman egin behar zaio. Hizkuntz-politiketan jauzia egingo bada, kultur-disziplina guztietan euskarazko eskaintza oparo bat bermatuta egingo da”. Horrez gain, ekimeneko kideek eskatu zuten “kultur-politiketan euskararekiko diskriminazio positiboz jokatzeko, erakundeetatik hizkuntza gutxituaren alde gehiago eginda soilik lortuko baita euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan aurrera egitea”.
Euskarazko kulturarentzat “salbuespen kulturala” printzipioa ezartzea eskatu zuten; “euskarazko kultura merkatu-logikatik kanpo uztea, alegia, eta hori legez jasotzea. Horretarako, euskarazko kultur-eskaintzarentzat kuotak legez ezartzea” eskatu zuten, “bereziki, berbazko euskarazko kultur-diziplinetan: ikus-entzunezkoetan, arte eszenikoetan, zineman, musikan”; “ahozko espresiobide guztietan, kuotak behar ditugu euskararentzat, bai emanaldi kopuruan bai aurrekontuetan”. Eta gehitu zuten “kuota horiek egoera soziolinguistikoa eraldatzeko bokazioa izan beharko dutela, ez hizkuntza diglosia betikotzeko”. Eremu publikoko sistemetan, bere gabeziekin eta mugekin, baina hezkuntza-sistema euskararen indargune bakarra dela nabarmendu zuten. “Bada garaia kultur-sistema osotasunean eta Euskal Irrati-Telebista euskararen indargune izateko”.
Arnasguneetarako diseinatutako kultur eta hizkuntz-politikak
“Urgentziazkoa da arnasguneetarako beren-beregi pentsatutako eta diseinatutako kultur eta hizkuntz-politikak abian jartzea. Datozen urteetan, euskararen normalizazioan aurrera egingo bada, kultur-politiketan eta politika publiko guztietan, arnasguneak eta udalerri euskaldunak lehen lerroan jarri direlako izango da”.
Bestalde, Kultur Sistemaren Lege berriak eta kultur-politikek feminismoaren bidean sakontzen lagundu behar dutela gehitu zuten. “Kultur-arloko erabakiguneetan, kolektibo feministen parte hartzea bermatzeko eta kultur-politikak berrikusi, eta neurri zehatz eta eraginkorrak hartzeko, kulturaren eremuan indarkeria eta bazterkeria matxista oro ezabatu arte”.
Bukatzeko gehitu zuten “ukaezina” dela “EAEko lurralde-administrazioaz harago doan hizkuntz- eta kultur-komunitatea” dela gurea. Eta, ondorioz, “beharrezkoa da errealitate horri erantzutea, eta beharrezko diren kultur-politikak eta elkarlana abian jartzea, kultur- eta hizkuntz-aniztasunaren alde bagaude. EAEko Kultur-Sistemaren lege berria “izan bedi EAE, Nafarroa Garaia eta Ipar Euskal Herriak osatutako kultur-sistema komuna eraikitzeko lehen pausoa.
Agerraldian, nazioarteko kultur-esperientzia batzuk aurkeztu zituzten, euren esanetan “euskaldunok gure neurrira egindako kultur-eredua behar dugun arren, nazioarteko esperientziek ibili beharreko bidea zein den esan diezaguketela”. Aldatu Gidoiako kideen ustez, aintzat hartu beharrekoa da Quebeceko kultur eredua.
Estatu Frantseseko kultur-sistemako elementu zentral batzuk ere balioetsi zituzten, nahiz eta eredu frantsesarekiko “kritikoak” diren, eredu “zentralizatua” eta hizkuntza eta kultura gutxituekiko “baztertzailea” delako. Estatu Frantseseko kultur-eredutik “kultura zerbitzu publiko gisa ulertzea” eta “intermitentzia-erregimenaren bidez, kulturako artistari eta sortzaileari estrukturalki legezko babesa ematea” balioetsi zuten.