(argazkia: Aldatu Gidoia)

“Aldatu gidoia euskararen alde” aldarrikatuko dute bihar, Gasteizko kaleetan

Mobilizazioa Foru plazatik abiatuko da, arratsaldeko 17:30ean.

Azken hilabeteotan, EITBri eta Eusko Jaurlaritzari gidoia euskararen alde aldatzeko eskatu diote euskalgintzako, sindikatuetako eta gizarteko hainbat taldek Aldatu Gidoia mugimenduaren bidez. Halaxe egingo dute bihar ere Gasteizko Foru plazatik 17:30ean abiatuko den manifestazioan.

Mugimenduko kideek zabaldutako ikus-entzunezko baten bidez adierazi dutenez, “une delikatuan dago euskararen biziberritzea, adierazle asko ari zaizkigu esaten gauzak ez dabiltzala ondo. Egindakoa kolosala izan bada ere, orain arte egindakoa eginez, ez dugula aurrera egingo. Ez daukagu denborarik noraezean egoteko”.

Erreakzionatzeko unea dela nabarmendu dute. “Eskala handiko jauzia egiteko garaia da, baina, horretarako, etxea sendotu behar dugu lehenik. Aisialdian eta gure bizitzetan duten garrantziagatik, bestelako kultura eta ikus-entzunezko politikak behar ditugu. Euskaran ardaztutako Euskal Irrati-Telebista behar dugu, premiaz. Eta EITBz haragoko hizkuntza politikak, zinema eta plataformetan, euskarazko eskaintza duina bermatuko dutenak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta EITBri eskatzen diegu gidoia aldatzeko euskararen alde, kultura eta ikus-entzunezko politiketan euskara erdigunean jartzeko”.

Mobilizazioaren ondoren, 18.15ean, ekitaldi publikoa egingo dute Foru plazan bertan. Hauek dira mobilizazioaren ondorengo ekitaldian parte hartuko duten norbanako eta eragileetako ordezkariak: Amagoia Mujika (Berriako zuzendaria), Estitxu Fernandez (kazetaria), Ekhiñe Atorrasagasti (kazetaria), Elixabete Garmendia (kazetaria), Miel A. Elustondo (Lanarteako ordezkaria), Iraia Elias (aktorea), Itziar Diez de Ultzurrun (itzultzailea), Aritz Ganboa (artzaina eta telebistako kolaboratzailea), Dorleta Kortazar (ipuin kontalaria), Aintzane Irazusta (bertso gai-jartzailea), Maialen Kortabarria (bertso gai-jartzailea), Iñaki Viñaspre  (bertsolaria) eta Xabi San Sebastian (musikaria).

Zabaldu: