Mugimendu euskaltzalearen ustez, “EITBren plataforma berria martxan jarrita, aurrera egiteko ia aukerarik gabe utzi dute euskarazko Primeran plataforma”. Gainera, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunek ezin dituztela ikusi ETB On plataformako eduki asko eta asko azpimarratu du taldeak.
Abenduaren 16an ETB On plataforma digital elebiduna aurkeztu zuten, Bilbon. Aldatu Gidoiaren ustez, “gaztelaniazko eskaintza oso nagusi da EITBren plataforma berri horretan”, eta salatu du euskarak “bigarren mailako tokia” duela bertan. Mugimenduko kideek erantsi dutenez ETB On abian jarrita, “oso posizio txarrean eta aurrera egiteko ia aukerarik gabe utzi dute euskarazko Primeran plataforma. ETB On dagoen unetik eta euskarazko telebista-saio esanguratsuenak eta zuzenekoak bertan ematen diren momentutik, egoera jasanezina sortzen da, lehia egiten zaio Primerani eta zalantzan jartzen da haren bideragarritasuna”. Talde euskaltzaleak gehitu duenez, “EITBko buruak horren oso jakitun dira”.
Aldatu Gidoiak gaztelaniazko ETB2 katea sortu zen garaia ekarri du gogora: “ETB2 sortzeak eta urteetan ETB2ren aldeko apustua egiteak kalte konponezina eragin dio euskarazko ETB1 kateari eta euskarari. Taldearen esanetan, “EITBren aurrekontuaren zatirik handiena gaztelaniazko edukiek hartu izan dute eta gaztelaniazko programak promozionatu izan dira. Hala, euskaldunek gaztelaniazko programetara jo izan dute erregularki, eta egoera naturalizatu dute: hori linguistikaren ikuspegitik azkena da euskara bezalako hizkuntza minorizatuarentzat eta euskaldunona bezalako hiztun-komunitate gutxituarentzat”.
Aldatu Gidoiaren ustez, “ETB On sortuta eta ETB On-en gaztelaniazko eskaintza nagusituta, antzeko egoera sortu da: euskaldun hiztunek natural-natural joko dute ETB On-en nagusi diren gaztelaniazko edukietara”.
Pizkunde berri bat sortzeko beharra
Mugimendu euskaltzalearentzat “onartezina da Jaurlaritzak eta EITBk horrela jokatzea, ezin dugu onartu EITBren eskaintzan —telebista konbentzionalean zein streaming bidezkoan— euskara eta euskaldunok behin eta berriz baztertzea; noiz eta orain, euskalgintzak eta hainbat eragilek eta norbanakok, euskarari etorkizun bat emateko, pizkunde berri bat sortu beharra daukagula aldarrikatu dutenean”.
Aldatu Gidoiaren aburuz, “pizkundea sortzeko eta hizkuntza biziberritzeko, politika-publiko jakinak behar dira, neurri zehatzak: behar-beharrezkoa da euskararentzat gune hegemonikoak artikulatzea”. Euskara biziberrituko bada, “euskarari hegemonia-guneak eskaintzen asmatu dugulako izango da”. Ekimenaren arabera, “hizkuntza batek ez badauka hegemonia-gunerik edo indargunerik, hizkuntza horrek ez du ekoitziko ez hiztun osorik sortuko; eta, ondorioz, ez du belaunaldi askotan biziraungo”.
Aldatu Gidoiak “hezkuntzaren adibidea” ekarri du gogora; bere esanetan, “hainbat eta hainbat izan dira, intuizio sakon batek bultzatuta, eskola elebidunari uko egin eta euskara ardatz hegemoniko eta nagusi daukan eskola-ereduaren alde egin dutenak. Bada garaia Euskal Telebista euskararen hegemonia-gune eta indargune izateko”.
Taldeak adierazi duenez, “nekatu gara EITBko arduradunen aitzakiez, nekatu gara euskarazko edukiak kontsumitzen ez direla entzuteaz, eta horren ardura euskaldunon gain jartzeaz. Ez dugu gehiago onartuko EITBn euskara baztertzeko kontsumoa edo audientzia aitzakia gisa jartzea; ez dugu gehiago onartuko ardura herritarroi leporatzea. EITBren obligazioa da euskarari eta euskarazko edukiei lehentasuna ematea. EITB bene-benetako eta egiazko zerbitzu publikoa izango bada, lehentasunez euskaraz emititzen duelako izango da, euskararentzat indargune delako: hemen eta orain zerbitzu publikoa izatea, lehentasunez euskaraz emititzea da”.
Azkenik, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako euskaldunek ezin dituztela ETB On plataformako eduki asko eta asko ikusi salatu du taldeak. “Iraingarria da hizkuntza- eta kultura-komunitate osoari erantzun behar dion Euskal Telebistak sistematikoki euskal herritarren zati bati bizkarra ematea”. Aldatu Gidoiak “hartu beharreko neurriak hartzeko eta egoera berehala zuzentzeko” eskatu die EITBko arduradunei.