Mugimenduko kideen ustez, “erabakia gauzatzen bada, epe luzera euskararen transmisioan eta haur eta gaztetxoen hizkuntza-ohituretan eragingo du”.
Aldatu Gidoiarentzat datuak argigarriak dira: “Hego Euskal Herriko etxeen %39-40an ez da telebista internet bidez ikusten, baliabide tekniko ezagatik edo ohitura ezarengatik”. Hortaz, ETB3ren emisio lineala eteteak “170.000 haur eta gazteren eskubideei eragingo die; Hego Euskal Herriko 10 haur eta gaztetxotik 4ri ez zaie euskararako eta euskarazko edukietarako sarbide unibertsala bermatuko”.
Mugimenduko kideek adierazi dutenez, “haur eta gaztetxo guztiei edukiak euskaraz bermatzea ez da Jaurlaritzako txandako agintarien borondatearen araberako aukera bat, zerbitzu publikoaren betebeharra eta eskubide kolektiboa, baizik”.
Aldatu Gidoiak ohartarazi duenez, “erabakia gauzatzen bada, epe luzera euskararen transmisioan eta haur eta gaztetxoen hizkuntza-ohituretan eragingo du. Ez da onargarria EITBko arduradunek audientziaren, kontsumoaren eta merkatuaren argudioa erabiltzea milaka haurrei eragingo dien neurria hartzeko”.
Aldatu Gidoiari “ezin larriagoa” iruditzen zaio “EITBko Zuzendaritzak herritarrentzat eta hizkuntzarentzat horren ondorio sakonak eragingo dituen neurri bat modu horretan hartzea”. Mugimenduaren ustez, hein horretako neurri bat ezkutuan hartzeko “intentzioa izate hutsak defizit demokratiko larria eta erabateko noraez-estrategikoa adierazten du”. Horregatik, ekimenari “urgentziazkoa” iruditzen zaio “Euskal Irrati-Telebistan prozesu demokratiko zintzo bat eta norabidetze estrategiko bat abian jartzea”.
Aldatu Gidoia “streaming bidezko kontsumo datuen jakitun” da, eta dionez, “jakina estrategikoa dela kontsumo ohiturei arreta jartzea eta eskari bidezko euskarazko eskaintza oparoa bermatzea; Jaurlaritzak eta EITBk horren aldeko apustua egin behar dute. Baina horrek ez du esan nahi haur eta gaztetxoen kate-konbentzionala kendu behar denik. Euskarazko eskaintza handitzea da kontua, ez murriztea. Euskararen normalizaziorako bidean, biak ala biak behar ditugu: streaming bidezko eta telebista lineal bidezko euskarazko eskaintza sendoa”.
Amaitzeko, eragile eta herritarrei antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin die Aldatu Gidoiak.
Hauek dira Aldatu Gidoiak egindako estimazioetarako erabilitako datuak:
- EAEko etxeen %7,9k ez dute interneterako sarbide egokirik. (Eustat, 2023).
- Nafarroa Garaiko 20.000 etxek ez dute kalitatezko interneterako sarbiderik; hots, etxeen %7,7k (Nafarroako Gobernua, 2022)
- EAEko etxeen %39,1ean ez dute telebista internet bidez ikusten, baliabide tekniko egokirik ez dutelako edo ohiturarik ez dutelako (Iturria: Euskat, 2023).
- Euskal Hedabideen Behatokiaren arabera, Hego Euskal Herriko 35 eta 54 urte bitarteko herritarren hamarretik lau ez daude streaming plataformetan harpidetuta (CIES datuak, 2018–2021).
- 0-16 urtekoen kopurua 444.000 ingurukoa da Hego Euskal Herrian (Iturria: Eustat eta INE, 2023).