Tartean Teatroak 'Alderray' antzezlana taularatuko du

‘Alderray’, ‘Lubaki lainotsua’ eta ‘Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi’ taularatuko dituzte Iruñeko Antzerki Aroan

Antzerki zikloa apirilaren 27tik maiatzaren 18ra egingo da. Sarrerak salgai daude jada.

Antzerki Aroaren beste edizio bati emango diote hasiera asteazkenean, Iruñean. Orotara hiru antzezlan taularatuko dira maiatzaren 18ra bitartean, eta besteak beste, obsesioak, belaunaldien arteko talka eta genero-ikuspegia izango dituzte hizpide. Antzezlanak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, arratsaldeko 19:00etan, eta sarrerak 8 euroan jarri dituzte salgai www.laescueladeteatro.com webgunean eta NAEko txarteldegian.

Tartean Teatroa taldea izango da lehen saioaren protagonista, apirilaren 27an, Alderray lanarekin, pertsonaien ehiztari eta narratzaile bati buruzko antzezlana da honakoa. Beti alderrai bizi izan da, erabat aske, hautatutako bakardadean, berarentzat zama bihurtu dena. Une horretan, Alderrayren lanaren mireslea den neska gazte bat agertuko da bere bizitzan, harekin batera ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak ehiztari zaharra misantropo ozpindu eta antisoziala bihurtu du, baina, hala ere, neskame gisa hartzea onartuko du. Ustekabeko etorrera horrek zerbait hausten du Alderrayren barruan eta pertsonaia batekin obsesionatzen hasiko da. Ez daki nor den, baina hurbil, oso hurbil, dagoela sentitzen du. Alderrayk beste pertsonaia batzuk harrapatzeko gogoa galdu du, bere arima torturatzen duen hori besterik ez du aurkitu nahi.

Maiatzaren 11n, berriz, Antzerki Aroak belaunaldien arteko talkari eta munduaren ikuspegi desberdinei helduko die Atx Teatroa konpainiaren Lubaki lainotsua antzezlanaren bidez. Izenik gabeko gerra bateko lubaki batean, gudari beterano bat dago, bakarrik, beste garai bateko borrokalari bat, baldintzarik gabeko militantzia eta diziplina gogorrekoa. Aspaldian ez da egon gudurik, ezta areriorik ere… Dena lasai dagoela ematen du. Jeneralek “bakea” sinatu zuten, tropak etxera bidali zituzten, baina ez zuten ordezkorik bidali, eta, garbi dago ordezkorik gabe ezin dela postua utzi. Bat-batean, egun zoriontsu, edo zorigaiztoko, batean ordezkoa helduko zaio. Gutxi zaildutako soldadu gazte bat. Bere bizitza motzean ez du inolaz ere gerraren antzeko ezer ezagutu.

Udaberri honetako zikloari amaiera emateko, Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroa taldeek Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi obra taularatuko dute maiatzaren 18an. Hiru emakume mahai baten inguruan elkartuko dira, kanpai hotsekin batera puntual, meriendatzeko. Gorputzak tisanaz, pastaz, azukrez eta pasteltxoz beteko dituzte beren egunerokotasunaz hitz egiten duten bitartean. Ba ote dakite beraien bizitza beste norbaitek kontatua izan dela? Zein begiradatik izan dira sortuak emakume hauek? Nork idatzi du tinta lodiz historia? Historia kontatu diguten bezalakoa da? Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroa taldeak lankidetzan aritzen diren hirugarren proiektua da. Bi taldeek egiten dituzten muntaketetan genero ikuspegia sortu eta txertatzeko beharra partekatzen dute.

Zabaldu: