Alea aldizkariaren azken bost urteetako ibilbidea erakusketa baten bidez ikusgai Gasteizen

‘Zortziak bost Alean’ izeneko erakusketa otsailaren 2ra arte egongo da ikusgai Oihanederren.

Aurretik Araban beste komunikabide batzuk egon baziren ere, 2015ean sortutako Alea aldizkaria erreferente bat bihurtu da lurralde honetako euskarazko komunikabideen zerrendan. 2015eko urtarrilaren 16an kaleratu zuen lehenengo zenbakia eta ordutik hona, beste 221 zenbakik jarraitu dute aurreneko hura. Proiektuak, beraz, bost urte bete ditu eta urtemuga hori ospatzeko, orain arte egindako lanaren adierazle izatea helburu duen Zortziak bost Alean izeneko erakusketa inauguratu dute Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean.

2015etik hona, Araban gertatzen dena testu eta irudi bidez euskaraz zabaldu du Alea aldizkariak. Eduki guzti horien atzean baina, zortzi lagunez osatutako lantalde profesionala dago eta horiekin batera “astero egitasmoari ezinbesteko ekarpena egiten dion kolaboratzaile taldea”. Aitortu dutenez, kolaboratzaile horiek guztiak kontuan izan gabe, “ ezerezean geratuko litzateke kontu hau guztia”.

Erakusketak beraz, Alea-ren ibilbidean zehar landutako istorio, albiste eta kontakizunen lagin bat aurkezten du. Hau guztia irudiz jantzita: “Alea-n ikusi ditugun aurpegi ezagunak, albiste deigarriak, jasotako gertakizunak, gizarteko aldarrikapenak, irudi ikusgarriak, gure lurraldeko txokoak… eta beste zenbait bitxikeria izango dira erakusketa honetan ikusgai”.

Zortziak bost Alean asteartetik ostiralera egongo da zabalik Oihaneder Euskararen Etxean, 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan berriz, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara eta igandeetan 11:00etatik 14:00etara.

Zabaldu: