(argazkia: Algaraka)

Algaraka bakarrizketa gau handi bat izango da abenduaren 19an, Bergaran

Izen-ematea azaroaren 11ra arte egongo da zabalik. Parte hartu nahi duenak, 2-3 minutuko bideoa bidali beharko du komunikazioa@algaraka.eus helbidera.

Jardun Euskara Elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Bergarako Udalak Algaraka Bakarrizketa Gaua antolatu dute elkarlanean. Hitzordua abenduaren 19an izango da Bergarako Seminarixoan. Euskarazko ahozkotasuna, umorea eta sormena sustatzeko helburuarekin jaio zen Algaraka proiektuak bigarren edizioa izango du aurten, eta berrikuntzekin dator. Formatu lehiakorra alde batera utzita, oraingoan bakarrizketen gau handi bat izango da.

Jardun Euskara Elkarteko ordezkari Nerea Mendizabalek azaldu duenez, ekimenak bi helburu nagusi ditu: “Batetik, euskarazko sortzaileak lagundu, talentua eta ahozkotasuna bultzatzea, eta euren lanak erakusteko plaza eskaintzea. Eta bestetik, ikusleei euskarazko umoreaz eta kulturaz gozatzeko aukera ematea”.

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago, eta azaroaren 11ra arte luzatuko da. Parte hartu nahi dutenek 2-3 minutuko bideoa bidali beharko dute komunikazioa@algaraka.eus helbidera euren datuekin batera. Aurkeztutakoen artean bost bakarrizketari aukeratuko dira, eta hauek coaching saio pertsonalizatuak jasoko dituzte, jendaurreko emanaldiaren prestaketa artistikoa lantzeko.

Seminarixoan, abenduan egingo den ekitaldian, bost bakarrizketari amateurrek eta bi profesionalek eskainiko dituzte euren lanak.

“Algaraka ez da ikuskizun isolatu bat, baizik eta euskararen, sormenaren eta umorearen arteko uztarketa bizia. Gure hizkuntzak behar ditu horrelako espazioak, eta gure sortzaileek behar dituzte horrelako aukerak”, azpimarratu du Kultura zinegotzi Maite Usabiagak.

Informazioa eta oinarriak algaraka.eus web orrian dauden eskuragarri.

Zabaldu:

Utzi erantzuna