(argazkia: Allende Arnaiz)

Allende Arnaizek ‘Birsortu’ erakusketa paratuko du apirilaren 14tik 27ra Oiartzungo Ehuntze espazioan

Serigrafia eta argazki dokumentuen bidez, artistak instalazio moduan aurkeztuko du bere lana erakusketan.

Allende Arnaiz artistak Birsortu izeneko arte erakusketa irekiko du Metrokoadroka kolektiboak Oiartzunen kudeatzen duen Ehuntze sormen espazioan, 21 aulki zikloaren barruan. Serigrafia eta argazki dokumentuen bidez, Arnaizek instalazio moduan aurkeztuko du bere lana erakusketan.

Horretarako, egileak erakusketaren parte den Laharrak eta belarrak serieko serigrafiak Iztieta auzoko garaje batekoekin jarri ditu aurrez-aurre. Serie honek bazterreko landaredia jasotzen du, lorategietan ez dagoena. Hala, zelaiak eta soroak hartu eta baso bilakatzen dituzten landareei balioa emateko sortu zen seria, haien garrantzia eta edertasuna azaleratuz. Modu berean, Iztietan abandonatuta dauden auto konponketa garajeen ateen estetika erabiliz eta hauen irudiak serigrafia bidez manipulatuz, begi bistan jarri nahi da auzoaren eraldatze prozesua. Lehengo saltoki gehienak desagertzen ari dira, baina baita berriak sortzen ere, bizilagun berrien ohiturak eta beharrak asetzeko asmoz: Halal harategiak, Kebabak, bizartegiak, yoga zentroak, kafetegiak…

Bi elementuak bere testuingurutik ateraz eta manipulatuz, artistak beren izaera eraldatzaileari garrantzia eman nahi izan die. Garaje bateko atearen zati batekin patroi bat egin du, errepikapenaren bidez irudi geometriko ezberdinak sortuz. Patroi hau hainbat alditan estanpatu ondoren, Ehuntze espazioan ikusi ahal izango den instalazioa izan da emaitza, zeinean erakusketara datorrenak bere konposizio propioa osatu ahal izango duen.

21 aulki zikloa

2018tik martxan dagoen ekimena da 21 aulki, arte diziplina ezberdinak herritarrekin elkarrizketan jartzeko xedez sortua. Iaztik arte plastikoetan oinarritu da gehienbat: sei hilabetean behin artista bati Ehuntze espazioa eskaintzen dio, bere ideia propio baten inguruan hura eraldatu eta erakusketa bat antolatzeko. Lehenengo erakusketa Onintza Etxebesterena izan zen, Allende Arnaizena bigarrena izango da, udazkenean Ainara Lasarena paratuko dute. Erakusketa bakoitzari loturik saio osagarriak eskaintzen dira, solasaldi, errezitaldi edo tailer modura.

21 aulki ekimenari loturik artista liburu bilduma bat jarri du martxan Metrokoadrokak, Artemugarri izenekoa. Arnaizen Birsortu liburua inaugurazioaren egunean bertan aurkeztuko da.

Egitaraua:

Erakusketa: apirilaren 14tik 27ra. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era, larunbatetan 11:00etatik 13:30era.

Inaugurazioa eta liburuaren aurkezpena: apirilaren 14an 17:30etik aurrera.

Solasaldi tailerra: Ula Iruretagoienak gidatua, 18:00etatik aurrera.

Tailerra eta ekintza artistiko efimeroa: Oiartzungo espazio bat eraldatzeko xedea izango du herritarrekin. Izen ematea eta informazioa ehuntze@gmail.com helbidera idatzita.

Zabaldu: