Alor politiko, sozial, kultural eta ingurunekoei buruzko emakumeen lekukotzak bildu dituzte liburu batean

Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak izeneko lana 1935. eta 1952. urteen artean jaiotako hamahiru emakumeri egindako elkarrizketen emaitza da.

Alazne Diez soziologo eta antropologoak (Plentzia, 1946) Ganbara argitua. Emakumeen ahotsak eta oihartzunak izeneko liburua ondu du Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Argitalpena 1935. eta 1952. urteen artean jaiotako hamahiru emakumeri egindako elkarrizketen emaitza da, eta arlo politiko, sozial, kulturalak nahiz ingurunekoak jasotzen dira bertan: Maria Luisa Amigo Fernandez de Arroyabe, Miren Josune Ariztondo Akarregi, Ana Begoña Arzoz del Castillo, Miren Begoña Goicoechea Gandiaga, Maria Ascension Larrucea Gomez, Agapita Lavin Setien, Miren Olga Macia Olaeta, Maria Begoña Madariaga Otaola, Celia Marañon Garcia, Petra Benedicta Markaida Barrenetxea, Maria Jesus Meñaka Gangoiti eta Blanca Estrella Ruiz Ungo eta Clara Zabalo García.

Eremu pertsonalean kontatutako bizi-istorioak eta esperientziak jasotzen dira liburuan, eta indar handiz entzuten da inguruko hainbat pertsonaren ahotsen oihartzuna, eragin handia izan baitute gaur egun diren horretan.

Hala, liburu honen helburua da emakume hauen eta identifikatuta senti daitezkeen beste askoren lana balioan jartzea eta aitortzea. “Garai zailetan mugak eta oztopoak gainditu zituzten emakumeak dira, distira egitera iritsi ziren eta hala jarraitzen dute, urteetan zehar metatutako ahaleginari eta irmotasunari esker”.

“Egoerak gainditzeko gaitasunaren adibide diren bizipenak eredu gisa balio izatea lortu nahi da liburu honen bidez, beste belaunaldi batzuentzako itsasargi edo gidari gisa. Generoen arteko berdintasuna erdiesteko egindako urrats garrantzitsuenak ezagutzeko irrika, egiteko gelditzen direnak aztertzekoa eta ekitatea egiazkoa izan dadin lortzeko jarraibide posibleak ikustekoa”.

Liburua euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren argitalpenen webgunean www.bizkaia.eus/argitalpenak.

Zabaldu: