Alos Quartet-ek XX. urteurrena ospatuko du Loraldia Udagoienean eskainiko duen kontzertu bereziarekin

XX. urteurrena ospatzeko, taldeak bere ibilbideko doinu esanguratsuenak bertsio berrituan eskainiko ditu, hainbat gonbidaturen laguntzarekin.

Alos Quartet taldeak 20 urte bete ditu eta Loraldia Udagoienean egingo duen kontzertuarekin ospatzeko asmoa du. Zuzenekoa urriaren 8an izango da Bilboko Alondegian, arratsaldeko 20:00etan.

Xabier Zeberiok (nyckelharpa, biolina), Francisco Herrerok (biolina), Lorena Nuñezek (biola) eta Ivan Carmonak (biolontxeloa) osatzen dute Alos Quartet kamera laukotea. Formazio klasikotik abiatzen da taldea, baina sortzen duten musika haratago doa. Sentsibilitatea, soiltasuna, tradizioa eta iturri anitzetatik edaten baitu taldeak.

Laukoteak Lau izeneko diskoa kaleratu zuen 2019an, taldearen laugarren lana, hain zuzen ere. Lau “lan biribila” dela diote, “melodia iradokitzailez beterik”.

Bi hamarkada

XX. urtemuga ospatzeko, taldearen ibilbideko doinu esanguratsuenak bertsio berrituan eskainiko dituzte, hainbat gonbidaturen laguntzarekin. Hala, sormen festa honetara bi dantza unibertso gonbidatu dituzte. Batetik, Amaia Elizaran dantzari eta koreografo garaikidea; bestetik, Aukeran Dantza Konpainia, sustraietatik sortzen diren soinuak kolore eta mugimenduz janzteko.

Musikari dagokionean, Oskorri taldeko zenbait musikari eta ezusteko zenbait artista arituko dira taldearen gonbidatu gisa.

Kontzertu honetarako sarrerak eskuragai daude jada, Loraldiaren eta Alondegiaren webguneetan.

Zabaldu: