Osasun mentala du ardatz erakusketak. Ostiralean, otsailak 14, bisita gidatua antolatu dute egilearen parte-hartzearekin, arratsaldeko 18:30ean.
Alvaro Ledesmaren (Errenteria, 1975) margolanen ibilbide osoa jasotzen duen erakusketa paratu dute Intxaurrondoko Kultur Etxean. Gregorio Miragaya da komisarioa eta haren hitzetan, sortzaile polifazetikoaren “azken hamarkadako koadro bilduma instalazio aztoragarri eta lardaskatu bat” da Psicosis izeneko erakusketa.
Intxaurrondo Kultur Etxean ikusgai dagoen bilduma hau Ledesmak egin duen lehen atzerabegirakoa da. Bere esentzia primitiboenaren basakeriatik hasi eta bere teknikarik errealistenaren garbiketara doan bilduma da.
Bere jatorrian dagoen arte marjinala erabat baztertu gabe eta espresionismoa oinarri gisa hartuta, artistaren borroka pertsonala egonkortasun emozionalari eustea da, bizitzari kementsu eutsiz, baina baita bere buruaren aurka borrokan dagoenaren zailtasunarekin ere.
Buruko osasunak sortzen dituen arazoak gero eta ageriagoak diren jendarte batean, Ledesmak hauei nola aurre egin erakusten du. Egileak, margolan hauekin, arteak duen balioa erakutsi nahi izan du barne oreka bilatzeko eta mamuekin eztabaidak bideratzeko orduan.
Ledesma arte diziplina askotan aritu da lanean, hala nola eskulturan, pinturan, argazkigintzan, literaturan, eszenografian, bideoan, zineman, antzerkian eta dantzan. Sormen-lanaren ikuspegi plastikotik abiatuta, hainbat proiektutan parte hartu du, hala nola antzerki-ikuskizunetan, poesia-errezitaldietan edota bideo-arte jaialdietan.
Psicosis erakusketa otsailaren 28a arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera 16:00-20:30 bitartean.