Nuria Cadenesen Guillem eleberria euskaratu beharko du. Apalauzak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Amaia Apalauza Ollo itzultzaileak (Iruñea, 1979) irabazi du 2024ko (H)ilbeltza beka eta Nuria Cadenesen Guillem eleberria euskarara ekarri beharko du. Fernando Anbustegi Baztango alkateak, Beñat Irastorza aurreko irabazle eta (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak eta Garazi Arrula Txalaparta argitaletxeko ordezkariak osatu dute aurtengo epaimahaia eta katalanezko testuaren erritmoa euskaraz nola gorde duen bereziki aipagarria iruditu zaie, “horretarako joskera zaindu du eta euskararen baliabide ugariak baliatu ditu, testuari jario handia eta aberastasuna emanez”, adierazi dute epaimahaikideek.
Apalauzak 3.000 euro jasoko ditu orain eta beste 3.000 euro lana amaitzerakoan. Itzulpena 2025eko abenduan argitaratuko du Txalaparta argitaletxeak, eta 2026ko Euskal Nobela Beltzaren Astean aurkeztuko dute lana (H)ilbeltza ekimenean.
Bekaren xedea
Euskarazko nobela beltza sustatzea du helburu bekak, eta, horretarako, txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzen dira. Aurten itzulpen lana egiteko beka egokitu da.
Baztanek aspalditik du euskal nobela beltzarekin lotura. Izan ere, Jose Antoni Loidiren Hamabost egun Urgainen eta Mariano Izetaren Dirua galgarri izan ziren lehendabiziko euskal nobela beltzak. Euskal Nobela Beltzaren astearen harira sortu zen beka.
Lehen ediziotik, 2019an, eleberri beltz hauek argitaratu dira bekari esker: Miel A. Elustondoren Kezko bola batek itoak birikak; Patricia Highsmith estatubatuarraren Lardaska, Josu Barambonesek euskaratua; Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak; Massimo Carlotto italiarraren Agur, maitea, ikusi arte, Koldo Bigurik itzulia; Eneko Barberenaren Suak erreko ez balu; Fred Vargas frantsesaren Altxa, hildakoak, Beñat Irastorzak euskaratua; eta iaz garaile atera zen Joxan Oizen egitasmoa, dena ondobidean 2025eko (H)ilbeltza ekimenaren baitan aurkeztuko dutena.