(argazkia: Baztango Udala)

Amaia Egidazuk irabazi du haurrentzako albumak sortzeko ‘Etxepare saria’

Dorotea izeneko lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du 2021eko udazkenean.

Amaia Egidazu (Durango, 1981) idazleak haurrentzako albumak sortzeko Etxepare saria irabazi du Dorotea albumarekin.

Orotara 30 lan aurkeztu dira 2021eko edizio honetara eta guztien artean bizkaitarrarena gailendu da. Epaimahaiaren arabera album irabazleak “natura eta kultura, tradizioa eta traizioa dotore biltzen ditu: hona hemen amatxi, bakardadean, eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila”.

Leire Salaberria ilustratzaileak, Idoia Sobrino liburuzainak eta Patxi Zubizarreta idazleak osatu dute epaimahaia, eta azpimarratu dutenez, “testuak paralelismoak, segidak eta errimak eskaintzen dizkigu, oihartzuna landuz, josta gaitezen”. Ilustrazioaren aldetik, berriz, “bihurrikeria, konplizitate dotorea, iradokizuna eskaintzen dizkigu, iragana oraineratuz eta aldarrikatuz, diberti gaitezen”. Beraz, “Album petoa da, oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz”, gaineratu dute.

Amaia Egidazuk umetatik izan du naturarekiko begirunea, eta zaletasun horrek Euskal Herriko Unibertsitatean Biologia ikasketak aukeratzera eraman zuen.

Ingurumena eta energia berriztagarrien sektorean lan jarduera desberdinetan aritu ondoren, haurren pedagogiarekiko interesak arlo horretako formakuntzetan murgiltzera bultzatu zuen.

Egun, amatasuna eta haur txikien bidelagun lana uztartzen ditu eskola aktibo batean. Tamara Chubarovsky-ren errima-sortak eta ipuinak euskarara itzuli eta moldatu ditu. Txikienentzako ipuin kontaketan ere dihardu aukera duenetan. Gaztetatik ditu gustuko arte plastikoak eta sormen-lanak. Dorotea da idazten eta ilustratzen duen lehen liburua).

Irabazleak 5.000 euroko saria eskuratuko du Dorotea albumari esker eta lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko du, euskaraz, 2021eko udazkenean.

 

Zabaldu: