Amaia Elizaran, Lasala, eta Deabru Beltzak konpainiak Libourneko Fest’Arts jaialdian izango dira

Abuztuaren 3tik 7ra bitartean parte hartuko dute jaialdian.

Amaia Elizaran, Lasala, eta Deabru Beltzak konpainia euskaldunak Libournen egingo den kaleko arteen Fest´Arts jaialdian izango dira, Abuztuaren 3tik 7ra.

Fest’Arts-en 30. urteurrena da aurten eta 2012. urteaz geroztik, Etxepare Euskal Institutuak  jaialdiarekin elkarlanean dihardu euskal kale antzerkia nazioartean zabaltzeko xedez.

Judith Argomanizek zuzenduta, Lasala sari ugari irabazi dituen euskal konpainia da. Bere sorkuntzak lengoaia fisiko primitiboan eta estetika oso garaikidean oinarritzen dira. Bere unibertso osoa jorratu ahal izateko, konpainiak hiru ikuskizun aurkeztuko ditu: Female, IU eta Fight, gure egungo munduaren kezkak bizi-bizi islatzen dituztenak.

Deabru Beltzak taldeak, berriz, antzerki eta musika ikuskizun bat eskainiko du jaialdian. Les tambours de feu izeneko obraren bidez, taldeak ikusleekiko harremana bilatzen du.

Amaia Elizaran normaltasun berrian ditugun erabateko askatasun momentu horietan oinarritzen da OUT lana egiteko. Konfinamendu garaian sortu zuen pieza da, antsietatearekin apurtu eta askatasun sentipenari eta arnasa hartzeari egiten dio erreferentzia. Bere aurreko lana den Mar-ek itsaso barruan murgilarazten du ikuslea, OUT-ek, berriz, itsaso horretatik ateratzen du ikuslea nolabait.

Etxepare Institutuaren eta jaialdiaren arteko lankidetza Aquitaine.eus proiektuaren baitan kokatzen da, bi lurraldeen arteko zubia eraikitzeko asmoz. Azken hori Eusko Jaurlaritzak eta Nouvelle Aquitaine Eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi Euroeskualdeak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak 2016an abian jarritako lankidetza da.

Zabaldu: