Eusko Jaurlaritzak 21 artistaren 31 lan gehitu dizkio bildumari.
Bilduma Partekatua proiektuaren harira, 2025ean egindako artelanen erosketen aurkezpena egin dute gaur, Gasteizko Artium Museoan. Proiektu hau 2020an jarri zen abian lehen aldiz, euskal profesionalei babesa emateko, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ordezkatzen duen museo-instituzio batekin. Horrela, Gasteizko Artium Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa eta Donostiako Tabakalera zentroa parte diren ekimen honen bidez, “ondare publikoaren zati izatera igarotzen diren obrak eskuratzen dira, sistema artistiko sendoagoa eta konektatuagoa eraikitzeko lankidetzaren balioa agerian utzita”.
Ekitaldian Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua eta Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia; eta museo eta arte-zentro nagusietako zuzendariak: Beatriz Herraez (Artium Museoa), Miguel Zugaza (Bilboko Arte Ederren Museoa), Miren Arzalluz (Guggenheim Bilbao Museoa) eta Edurne Ormazabal (Tabakalera) Andoni Iturbe Kulturako sailburuordea eta Irene Larraza (Etxepare Institutua) izan dira. Ondare publikora gehitu diren artelanak dituzten artistetako batzuk ere izan dira gaurko agerraldian, besteak beste, Mikel Eskauriaza, Gema Intxausti, Manu Muniategiandikoetxea, Susana Talayero, Amaia Suberviola, Gustavo Almarcha, Izaro Ieregi, Gabriela Kraviez, Usoa Fullaondo, Xabier Morras, Diego Matxinbarrena, Idoia Leache eta Miren Doiz.
Programak 21 artistaren 31 lan gehitu dizkio bildumari, belaunaldi, diziplina eta hizkuntza sortzaile desberdinen isla. “Aurten eskuratutako obrek euskal sorkuntza garaikidearen begirada zabala eta adierazgarria eratzen dute, pieza historikoak eta artearen egungo lengoaia eta eztabaidekin hitz egiten duten ekoizpen berriak konbinatuta”, adierazi du Eusko Jaurlaritzak.
Hautaketak hainbat belaunaldi eta ibilbidetako artistak biltzen ditu —hizkuntza artistikoen berrikuntzan funtsezkoak diren figuretatik hasi eta sortzaile gazteagoetara iritsi arte—, eta pintura, eskultura, instalazioa, argazkigintza edo ikus-entzunezkoa bezalako diziplinak biltzen ditu, horrela euskal arte garaikidearen irakurketa plurala indartzeko.
Sartutako obra horiekin batera, artearen azken aldiko bilakaera ulertzeko funtsezkoak izan diren artisten lanak ere jasotzen ditu bildumak. Artista horien artean daude, besteak beste, Maria Luisa Fernandez, Angel Bados, Jose Ramon Amondarain, Lara Almarcegui, Estanis Comella edo Francisco Ruiz de Infante.