(argazkia: Alberdania argitaletxea)

Amaia Telleria idazleak gaztetxoentzako ‘Zuhara. Buru-hezurren itsasoan’ eleberria plazaratu du

Aurreko bi eleberrietan agertzen ziren abentura, abiadura eta jakin-mina aurkituko ditu irakurleak Zuhara sailaren hirugarren ale honetan.

Amaia Telleriak (Idiazabal, 1993) duela bi urte argitaratu zuen Zuhara sailaren aurreneko liburua Zuhara. Itsasoaren deia eleberria izenburupean. Iaz bigarren alea kaleratu zuen, eta, orai, gipuzkoarraren hirugarrenak ikusi du argia Zuhara. Buru-hezurren itsasoan izenburuarekin. Aritz Galarraga Alberdania argitaletxeko editorearen arabera, “aurreko bietan agertzen ziren abentura, abiadura eta jakin-mina aurkituko ditu irakurleak, Telleriak beste behin trebetasunez ondu duen narrazio jostari honi esker”.

Telleriaren arabera, “Zuhara bere burua beste ikuspuntu batetik ikusten hasi zen aurreneko liburuan. Bere irudia birformulatu zuen. Baina formulatze edo eraikuntza hori, batez ere, besteen begiradetatik egindakoa izan zen: taldean bere lekua bilatzea izan baitzen beti bere helburua. Bigarren liburuan, zerbait aldatu zen bere baitan. Gauzak beste era batera ikusten hasi zen, eta horrek norbanako gisa indartu bazuen ere, lagun artean gorabeherak sortu zizkion. Itsaspeko mundutik isolatua harrapatuko du, hortaz, Zuhara liburuaren hasierak. Baina aipatu dugun desagerpenak bere erabakiak zalantzan jartzera eramango du, eta abentura berri bati ekitera”.Hala, urpeko munduan murgiltzen jarraituko du irakurleak abentura honetan ere: “klan eta itsaso berrietan, baina abenturaren ildo nagusiak, kasu honetan ere autoestimua, talde harremanak, adiskidetasuna… izango dira, ikuspegi berrietatik”, azaldu du egileak. Aurreiritzien gaia, esaterako, garrantzitsua izango da istorio honetan, asko jakin gabe epaitu baitu Zuhara bere lagunetariko batek, eta, alderantziz. “Ziurrenik, irakurleek ere gauza bera egingo zuten, pertsonaia horiek erakutsi diguten jarreraren arabera. Dena den, lagun horietako batzuen alde ezkutuak ezagutuko ditugu, eta horrek pertsonaiak sakonago ulertzen lagunduko digu. Beste betaurreko batzuekin begiratzen”, kontatu du idazleak.

Halaxe dio sinopsiak, “Zuhara lehorrean dago aitarekin, itsasoan bizi izandako gertaera mingarriak direla-eta, aldendu egin nahi izan zuelako. Ustekabean, Deian, itsas azpiko lagun bat, agertu zaio, han bere beharra dutela esanez: gerra handi bat lehertzeaz izateaz gain, Gael (Zuhararen mutil-laguna izandakoa) desagertu egin da. Gael hil delako ustea zabaldu da, baina Deianek besterik uste du: Gaelek Zuhara eta biekin nonbait elkartu nahi duela, ezkutuan. Hortaz, Zuhara eta Deian uretan murgilduko dira berriz, Gaelen desagerpena argitu eta laguna bilatzeko asmoz”.

(Bideoa: Alberdania)

Zabaldu: