Narrazioa, egunkari ezkutua, poesia, testu dramatikoa, parodia… hainbat genero literarioren nahasketa da egilearen aurreneko lana.
Amaiur Epher (Izpura, 1994) idazleak Profeten iruzurra izeneko liburua kaleratu du Maiatz argitaletxearen eskutik. Sapere aude eta Koñots Ulia antzezlanak taularatu ondoren, argitaratzen duen lehen fikziozko narrazio lana du.
Narrazioa, egunkari ezkutua, poesia, testu dramatikoa, parodia… hainbat genero literarioren nahasketa da egilearen aurreneko lan hau, “fikziozko lan bat da, nobela bat izan gabe”, adierazi du idazle izpurarrak Iurre Bidegain kazetariak Kazeta.eus atarirako egin dion elkarrizketan.
Irakurleak Alexanderren ibilbide gorabeheratsua jarraituko du, atalez atal. Testua duela hiru urte idatzi zuela kontatu du. “Alexanderrek Frantziako Metropolia ertain batean ikasi du, ez Parisen. Bordele edo Tolosa izan daitezke. Ikasketak bururatu eta han jarraitzen du bizitzen. Baina bere ikaskideak joan dira, imajinatzen ahal da Parisera joan direla. Usaian Frantzian horrela gertatzen da, goi-mailako ikasketak egin dituztenek Parisen atzeman behar dute lana, gehienetan”, azaldu du idazleak.
“Alexander bakarturik sentitzen da. Gazte garaiko proiektu frango aztertu behar ditu lana eta egoera bakartiagatik. Kultur administrazio batean lanean ari da. Museo batean aritu ondotik, metropoliko artxibategi batera mugitu dute. Hautu arbitrario bat izan da, ez bere konpetentziengatik hartutakoa, baizik eta bera baino gorako erabaki batengatik”.
Indibidualismoak eta neoliberalismoak eragindako kalteak pertsonaiaren bizitza sentimentalean islatzen dira liburuan, baita proiektu ezberdinetan izandako porrotak ere, gai hauek umore garratzez eta ironiaz idatzi ditu Epherrek.