(argazkia: Gari Garaialde)

Amets Arzallusek irabazi du Bilboko finalaurrekoa

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa jokatu zen larunbatean Bilboko Bizkaia frontoian eta abenduaren 18an finalean kantatuko duten bertsolarien zerrenda erabakita geratu zen.

3.600 lagun elkartu ziren larunbatean Bilboko Bizkaia frontoian, Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoan. Idoia Anzorandia Kareaga izan zen gai jartzailea eta haren atzetik sartu ziren bertsolariak frontoira, zozketak agindutako ordenan: Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Maddalen Arzallus Antia, Jone Uria Albizuri, Joanes Illarregi Marzol eta Saioa Alkaiza Guallar.

Amets Arzallus izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria, 662 puntu. Horrela geratu ziren besteen puntuazioak: Aitor Mendiluzek 661 puntu, Jone Uriak 637,5 puntu, Joanes Illarregik 621 puntu, Maddalen Arzallusek 609,5 puntu eta Saioa Alkaizak 608,5 puntu.

Bigarren itzuli osoan bezala, larunbatean ere hurrengo ariketak egin zituzten bertsolariek: ofiziotan hamarreko txikian, zortziko handian eta zortziko txikian, eta ganbarako lanean bi puntu-erantzun eta bakarka hiruna bertso.

Epaile taldea hurrengoek osatu zuten: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi. Idazkari lanetan Gorka Segurola Dorronsoro eta Joxe Mari Altuna Berridi aritu ziren.

Finalistak, erabakita

Larunbatekoa izan zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa eta, beraz, erabakita geratu zen zeintzuk izango diren abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan kantatuko duten bertsolariak: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.

Zabaldu: