(argazkia: @kutxabira)

Ametsez betetako kutxak Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatuko ditu

Iparra Hegoa elkarteak Bizi gira… kutxa bira! ekimena aurkeztu du. Martxoaren 20an abiatuko da Argentinan eta Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatu ostean, maiatzaren 30ean Seguran amaituko da.

Iparra Hegoa elkarteak Iruñeko Katakrak liburu dendan aurkeztu du Bizi gira… kutxa bira! ekimena. Azaldu duenez, egurrezko kutxa izango da ekimen honen protagonista nagusia, eta herriz herri mugituko da, izan ere, “herri bakoitzak hurrengo herrira eramango du”.

Kutxak Amets Arzallus bertsolariak idatzitako Hitza da gure lurra testua izango du barruan, “hori herrietan irakurtzea nahi dugu”, adierazi dute. Era berean, “kutxa herrietako elkarte eta herri mugimenduek egiten dituzten aldarrikapen, amets eta asmoz betetzea nahi dugu”. Hala, herri bakoitzak testu labur bat sartuko du kutxan eta bideoz grabatuko dute ekintza. Asmoa da ondorengoek ikustea, Durangoko Azoka edo Korrika bezalako ekimenak bertan behera edo moldatu behar izan diren arren, 2021 urte berezi honetan ere zerbait egiteko gai izan direla. “Azken urte honetan gure herri nortasunaren hainbat jai eta ekimen bertan behera geratu behar izan dira edo egoera berri honetara moldatu, guretzat hain maitatuak diren Korrika, Durangoko Azoka, Herri Urrats eta abar luze bat”. Gure artean asko hitz egin da ekimen guzti hauek bertan behera uzteak bai herrigintzan, bai mugimendu euskaltzaleetan, izango duen ondorio ekonomikoaz, baina orain arte ez dugu hitz egin galera emozionalaz. Ekimen guzti horiek gure arteko harremanak sendotzeko ezinbestekoak dira”.

Bizi gira… kutxa bira! ekimena martxoaren 20an abiatuko da Argentinan eta Euskal Herri osoa eta diaspora zeharkatu ostean, maiatzaren 30ean Seguran amaituko da. Azken egun horretan, “amesten dugun herria zein den irudikatuko dugu. Espero dugu Kutxa betiko Seguran gelditzea, ez dugu ekimena errepikatzeko asmorik”.

Bizigira…kutxa bira! twitter kontuaren bidez, ekimenean izena emateko aukera egongo da otsailaren 22ra arte. Elkarteek, ikastetxeek, udalek zein bestelako eragile edo taldeek har dezakete parte Kutxa Biran.

Zabaldu: