Amparo Badiola, Gema Intxausti eta Susana Talayero artistek ‘Scriptbarik’ lankidetza proiektua abiatu dute

Proiektua bi hilabetez garatuko da Bilboko Alondegiako BAT espazioan izango den egonaldi-laborategian.

Amparo Badiolak, Gema Intxaustik eta Susana Talayerok hiru artisten arteko lankidetza proiektua aurkeztuko dute Lantegia, Ideien Laborategian Scriptbarik izenpean. Proiektua bi hilabetez garatuko da Bilboko Alondegiako BAT espazioan izango den egonaldi-laborategian.

Lan hau esperimentu bat dela diote, aldez aurretik pentsatutako ideiarik eta helburu zehatzik gabea, eta “erritmo organikoan” garatzen joango dena, proiektuan parte hartzen duten hiru artista egilekideen lan-praktika osatzen duten diziplinen arabera: dantza (Amparo Badiola), eskultura (Gema Intxausti) eta pintura (Susana Talayero).

Hala, proiektua artista bakoitzak besteen lanean duen eskuhartzean oinarritzen da, eta, horretarako, zenbait ariketa zehatz proposatzen dira egiteko prozesuan bertan, eta proiektua osatuko dutenak.

Artisten arabera, “Scriptbarik esperimentuaren gakoa ideia da, objektua eta besteren ekintza askatasunez eskuratzea, eta gure lan-praktikak  helburu komun batean berrantolatzea, gobernurik gabeko ekoizpenean biltzeko. Kaos berrantolatua, gorputzari eta haren norabideei dagokienez”.

Amparo Badiola (Bilbo, 1958) Medikuntzan lizentziaduna da. Dantza ikasketa ez-arautuak egin zituen Bilbon eta Londresen 1988tik 2003ra arte, eta gaur egun bertan bizi da. Mugimenduari buruzko ikerketarekin eta lan didaktikoarekin bateratzen du sorkuntza lana. Azken sorkuntza eszenikoa Palabras Invisibles da, eta London Elixir Festival-en eta Gasteizko Baratza aretoan aurkeztu zuen, 2014an.

Gema Intxausti (Gernika-Lumo, 1966) bere aldetik,  eskultura, marrazki eta film-narrazioaren arloan egiten du lan. EHUn Arte Ederretako ikasketak egin ondoren, Londresen Zinema ikasi zuen. Bere ibilbide artistikoagatik, Gure Artea saria eman zioten 2018an. Bere lanak Bilboko La Taller-en eta Carreras Mugica-n erakutsi ditu eta, aurten Entre la multitud, observando el arresto aurkeztu du Gasteizko Artium-en.

Susana Talayerok (Bilbo, 1961) pintura eta marrazkiaren inguruan egiten duen lana bideora ere zabaltzen du noizean behin. EHUn Arte Ederretan lizentziatu ondoren, Erromara joan zen, eta han bizi izan zen 1986tik 1996ra. Orain dela gutxi, Carreras Mugican (2019) eta Bilboko Arte Ederren Museoan (2016) erakutsi ditu bere lanak. Badiolarekin lankidetzan, L’occasione proiektua koordinatzen du. Iaz Mallorcako Arte Bisualen Vila de Santanyi VII. saria irabazi zuen.

Ordutegia: Asteartetik larunbatera, 16:00etatik 19:00etara Alondegiako Lantegia 2. BAT espazioan.

Zabaldu: