Ana Urkizak eta Begoña Durrutik ‘Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak’ bilduma plazaratu dute

Txikitasunari gorazarre egin nahi izan diote bildumak biltzen dituen ipuin labur-labur eta irudi iradokitzaileekin. Guztira 120 bat ipuin eta marrazkik osatzen dute lan berria.

“Izerditan esnatu nintzen. Oraindik istripuan korapilatuta. Amak, baretu guran, lasai egoteko agindu zidan. Halako istripu bat hamar milatik bati bakarrik gertatzen zaiola eta. Eta nik, estatistiken barruan hartu nuen arnasa”. Estatistikak izeneko ipuin honekin abiatzen da Ana Urkiza idazleak (Ondarroa, 1969) eta Begoña Durruti (Arizkun, 1968) ilustratzaileak elkarrekin ondu duten Paperezko ahozapietan idatzitako ipuinak bilduma. Izan ere, ez dago ahozapi bat baino gauza xumeagorik, ipuina ere genero apala da beste batzuen aldean. Biak elkartu eta txikitasunetik une goxoak sortu daitezke, “esaten da une eder txiki askok sortzen dutela zoriona, eta ipuin hauek ere badute hortik”, kontatu du Urkizak. Bilduman biltzen diren ipuinek txikitasunari gorazarre egiteko idatzi ditu idazleak.

Unea gozatzeko proposamen bat da lan berria eta horretarako narrazioek Durrutiren marrazkiak lagun dituzte, “irudi iradokitzaileak dira, gutxirekin asko esaten dakitenak”, adierazi du idazle bizkaitarrak. Ilustratzaileak tinta beltzarekin eta akuarela horiz sortu ditu marrazkiak.

Denetara 120 bat ipuin eta marrazkik osatzen dute lan berria. Urkizaren hitzetan, liburu hau sortzeko proposamenak Elkar argitaletxeak egin dien opari bat izan da.

Zabaldu: