Ander Izagirreren ‘Elkanoren herriari bueltaka’ saiakera euskaratu du Julen Gabiriak

Idazle donostiarrak gaztelaniazko saiakerako Euskadi literatura saria irabazi zuen iaz liburuarekin.

Julen Gabiriak Ander Izagirre kazetariak 2022an, gaztelaniaz, argitara eman zuen Elkanoren herriari bueltaka saiakera ekarri du euskarara Libros del K.O argitaletxearen eskutik. Azaldu dutenez, “duela bostehun urte, Magallaes eta Elkanoren espedizioak lehen itzulia eman zion munduari. Orain, Izagirre Getariatik abiatu eta Getariara bueltatu da, Elkanoren jaioterritik Elkanoren jaioterrira, eta itzuli geografiko, historiko eta mentala eman dio euskaldunen herriari”.

Bizikletaz egin zuen bidaia egile donostiarrak eta istorio harrigarriak jaso zituen libururako: “duela bostehun urtekoak (nabigatzaileak, esploratzaileak, esklaboak, iraultzaileak, enperadoreak, erbesteratuak, baleazaleak, hemengo espirituak, hango jainkoak) eta oraingoak (esploratzaileak, arrantzaleak, meatzariak, etorkinak, arotzak, arkeologoak, sukaldariak, eskultoreak, poetak, txokolategileak). Munduaren lehen itzulian parte hartu zuen euskal gizartearen eta gaur egungoaren arteko kontrasteak eta antzekotasunak azaleratzen ditu Izagirreren testuak, eta agerian jarri argiz eta odolez blaitutako gure historia, kulturen arteko nahasketa, esploraziorako pasioa”.

Argitaletxeak adierazi duenez, “bidaia-kronika, abenturen narrazioa, azalpen historikoa eta saiakera fina nahasiz, Izagirrek zalantzan jartzen du euskaldun aratz eta menderaezinaren mitoa, bere esentzien baitan bildutako euskaldunaren figura”: «Irudi bakarrean sinplifikatu behar badira, euskaldunak ez ziren nekazari isolatuen herri bat hain justu, ezpada nabigatzaile promiskuoen herri bat».

Idazle donostiarrak gaztelaniazko saiakerako Euskadi literatura saria irabazi zuen iaz Elkanoren herriari bueltaka liburuarekin.

Zabaldu:

Utzi erantzuna