Bach Desbariazioak du izena musikari gipuzkoar hauen ikuskizuna. Hilaren 21esan izango da, 17:00etan. Gasteizko museoak maiatzera arteko amaraunaren programazioa aurreratu du.
Andrea Berbois eta Peru Galbete musikarien Bach Desbariazioak ikuskizunarekin igoko dira Gasteizko Artium Museoko oholtzara hilaren 21ean. Biolina, ahotsa eta gorputzerako kontzertua izango dela aurreratu dute eta familientzako amarauna hileroko programaren barruan kokatzen da.
Hilero, hirugarren larunbatean egiten den programa honek beste hiru emanaldi eskainiko ditu urteko lehen seihilekoan, dantza, musika eta gorputza protagonista direla. Jarduera guztiak doakoak izango dira baina aldez aurretik izena ematea komeni da 945 20 90 20 telefonora deituta (erreserbak jarduera hasi baino 10 minutu lehenagora arte gordeko dira).
Bach Desbariazioak
Berboisek eta Galbetek biolinerako atondutako kontzertu honek Morton Feldman, Giacinto Scelsi, Johann Sebastian Bach eta Helmut Lachenmann musikagileen lanak oinarri hartu eta keinu musikalaren eta gorputzaren arteko mugak zeharkatzen ditu. Hainbat obra klasikoren bidez, ikuskizunak gai asko jorratuko ditu: komunikazioa/inkomunikazioa, entzutea, adiskidetasuna, desadostasuna, polaritateak edo hauskortasunaren indarra. Azaldu dutenez, “ikuskizun honetan ahots bakoitzak bere erritmo eta frekuentziak ditu. Adierazpenak hedatu eta gainjarri egiten dira, soinua gorputzarekin eta haren mugekin estuki lotzen den bibrazio-prozesu batean. Biratze, metaketa eta ahokatzeen bidez, keinua eraldatu egiten da, eta horrek gorputzaren pertzepzioaren eta memoriaren lekualdatzea dakar”.
Amarauna programa
Andrea Berboisen eta Peru Galbeteren emanaldiaz gain, familientzako amarauna programak beste emanaldi bana aurreikusten ditu martxorako, apirilerako eta maiatzerako. Honako hauek dira, hurrenez hurren: Play, jolasean oinarritutako dantza, bi saio izango dituena, Aiala Etxegarai koreografo, dantzari eta pedagogoaren eskutik (Getxo, 197); Kantu kontari, ahozko narrazioa, zuzeneko musika, kantu parte-hartzailea eta gorputz-interakzioa uztartuko dituen musika-saio parte-hartzailea, Maider Lasa Santamaria abeslari, antzezle eta diziplina anitzeko interpretearen eskutik (Gasteiz, 1997); eta, azkenik, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko Artium Museoan antolatutako jardueren esparruan, Fla Fla Fla pieza koreografikoa, hau ere saio bikoitzean, Eneka Bordato dantzariaren eskutik (Baiona, 1985).