Getariako hizkuntzalariak 75 urte bete zituen uztailaren 1ean, eta, hartara, euskaltzain emeritu bilakatu da, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten bezala. Alberdiren hutsunea betetzeko proposamenak hurrengo bi osoko bilkuretan jasoko dira.
Euskaltzaindiak azaldu duenez, “iraileko eta urriko osoko bilkuretan aurkeztu ditzakete euskaltzain osoek Andres Alberdiren lekua betetzeko proposamenak, eta hirugarren bilkuran egingo da hautaketa, azaroan, Bilbon egingo den bilkuran”. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dutela dio akademiak, “proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki”.
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria, 1950). Filosofian lizentziaduna da eta irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Arreiturre Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua koordinatzaile gisa.
2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko Lantaldeko partaide izana da, hura iraungi arte (2014). 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko Batzorde Ahaldunduko idazkari eta testu-prestatzailea da.
Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2018an eta euskaltzain oso 2022ko azaroaren 26an: sarrera-hitzaldia 2023ko azaroaren 25ean irakurri zuen, Getariako udaletxean.