Araujoren kartelak basoa musika-tresna bilakatzen du.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak (BOS) badu jada 2026/2027 denboraldirako irudia. EHUko Arte Ederren Fakultateko Diseinu Grafikoa irakasgaiaren barruan garatutako proposamenen artean Ane Araujo ikasle eibartarrak sortutakoa aukeratu dute.
Proiektu hau orkestraren eta unibertsitatearen arteko lankidetzaren emaitza da. Ikasleei benetako enkargu bat planteatu zaie: BOSen hurrengo denboraldia gidatuko duen kontzeptu artistikoa bisualki interpretatzea. Aurten, denboraldiaren ardatza “Basoa” izango da, musika, natura eta sorkuntza lotzen dituen ideia nagusia.
Kartel irabazleak basoa musika-tresnatzat aurkezten du: figura beltz batek hari batzuk jotzen ditu, eta horiek pixkanaka zuhaitzak bilakatzen dira, musika jotzea eta basoa ukitzea bezalako keinuak irudikatuz.
Araujok azaldu duenez, “soinuaren eta naturaren arteko muga hori landu nahi nuen. Irudiak instrumentu bat jotzeko keinuarekin jolasten du eta, aldi berean, basoarekin harremanetan jartzeko ideiarekin. Denboraldiaren kontzeptua irudikatzeko modu iradokitzailea iruditzen zitzaidan”.
Balio pedagogikoa
Andere Larrinaga Cuadra Kalitate dekanordeak dionez, “proiektuak balio pedagogiko argia du”, eta azpimarratu duenez, “benetako enkarguekin lan egitea diseinuaren prestakuntzaren giltzarrietako bat da. Ikasleentzat benetako testuinguru profesional bati aurre egitea da: bezero bat dago, interpretatu beharreko kontzeptu bat eta ikasgelatik kanpo funtzionatu behar duen komunikazio bat. Esperientzia hori funtsezkoa da diseinua praktika publiko gisa ulertzeko, ez bakarrik akademikoa”.
Bere aldetik, Iñigo Alberdi Amasorrain BOSeko zuzendari nagusiak denboraldiko irudi bisuala talentu emergenteari irekitzea azpimarratu du: “Bizigarria iruditzen zitzaigun ‘Basoa’ri buruzko begirada musikaren esparrutik bakarrik ez etortzea. Aneren diseinuak irakurketa poetikoa egiten du: basoa instrumentu bihurtzen du eta musika naturarekiko kontaktutik ere sor daitekeela iradokitzen du”.
Alberdik, gainera, kultur erakundeen eta hezkuntzaren arteko loturak indartzeko beharra nabarmendu du: “XXI. mendeko orkestrak ezin dira isolatuta bizi. Unibertsitateekin, ikastetxeekin eta sortzaile gazteekin lankidetza-guneak sortzea ere bada gure zeregina. Hor eraikitzen da ekosistema kulturalaren etorkizuna”.
Kartelaren aurkezpena Bilbao Orkestra Sinfonikoaren 2026/2027 denboraldirako kartelak erakusketaren inaugurazioarekin bat etorri da. Bertan, ikasleek proiektu honen barruan egindako lanen hautaketa bat biltzen da. Erakusketak aukera ematen du “Basoa” kontzeptuaren interpretazio bisualak ezagutzeko eta sormen-prozesuan landutako lengoaia grafikoen aniztasuna ikusteko.