(argazkia: AEK-Korrika)

Ane Elordi: “Babes zabala izan du 24. Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik”

12. eguna ekimena iragarri du AEKk hurrengo egunetarako.

Euskararen aldeko lasterketa arrakastatsua amaitu eta ia 24 ordura, AEKk 24. Korrikaren lehen balorazioa ezagutarazteko agerraldia egin du gaur, Bilbon. Bertan izan dira Korrikaren arduradun Ane Elordi, AEKren Nazio Kontseiluko kideak eta lekukoaren barruan Euskal Herria zeharkatu duen mezuaren zazpi egileak.

Denek adierazi dute parte-hartzea masiboa izan dela aurtengo edizioan: “Euskal Herriak erabateko indarrez erakutsi du euskara garela, eta euskara izan nahi duela”. Inoiz baino lekuko-hartze gehiago izan dira, 3400tik gora; eta askoz lagun gehiagok eraman dute lekukoa”. Elordik azpimarratu duenez, “babes zabala izan du 24. Korrikak, eta ez da egon jende gutxiko kilometrorik”.

Halaber, nabarmendu dute 24.a “Pizkundearen Korrika” izan dela, “Pizkunde berri baterako lehen txinparta”. Horixe islatu nahi izan du AEKk Korrikaren mezua Euskal Herriko zazpi gazteren esku utzita. Alta, gazteok ez dituzte ausaz aukeratu: guztiak euskara dira gaur egun, nahiz eta hainbat bide ibili dituzten horra heltzeko ez baitute hizkuntza modu berean jaso. Hori bai, euskararen etorkizuna jokoan dagoen honetan, ezinbestekoa denean guztiok dagokigun erantzukizuna geure egitea, zazpi mezu-egileek argi dute euren engaiamendua, eta horrexegatik dira euskararen Pizkunde berri baten lehen txinpartaren isla.

Hala, euskara Pizkunde berri batera eramateko deia egin du 24. Korrikak, gazteak lehen lerrora ekarrita, gaurko agerraldian gertatu den moduan. Izan ere, haien esku-hartzea ezinbestekoa da azken helburura heltzeko: “Euskal Herri Euskalduna, horixe da gure gutxieneko hizkuntza-eskakizuna”.

Horrekin batera, Elordik esan duenez, “honek ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxara begira jarri gaitu; Iruñean egingo da, euskaltzaletasuna elikatzeko orduan herritar bakoitzaren ekarpena ezinbestekoa dela adierazteko asmoz”.

Hamabigarren eguna 

AEKk 12. eguna izeneko ekimena iragarri du agerraldian, “Korrikan parte hartu duten eragile guztiei konpromisoa eskatzen diegu, ekiteko engaiamendua. Lan horretan, besteak beste, ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna”.

Eskaerak egiteaz batera, AEKk berak zer gehiago egin dezakeen adierazi du agerraldian: “Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta hamaika egun horietatik harago joan behar dugu. Hori dela-eta sortu dugu Korrikaren 12. eguna izeneko ekimena”.

Horren baitan, apirilaren 22an ordubeteko eskola emango dutela iragarri dute, doan, AEKren 100 euskaltegietan. “Hasiera-mailako klaseak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzat. Bestalde, maiatzaren 21ean inoiz baino euskara gehiago entzungo da gure artean! 65 mintzodromo antolatuko ditugu egun horretarako, Euskal Herriaren luze-zabalean. Azken batean, horrela lortuko dugu helburua: ikasiz eta praktikatuz”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna