Estudio Gheadak performancea, bideoa eta teknologiaren erabilera aztertuko ditu proiektu eszeniko honetan.
Bilboko Alondegiak Estudio Gheadaren El Mejor de los Mundos (EMDLM) lanaren estreinaldia aurkeztuko du. Performancea, bideoa eta teknologiaren erabilera narratiba eszeniko gisa aztertzen dituen proiektu eszenikoa da honakoa eta Ane Pikaza (Bilbo, 1984) da antzezlea.
Azaldu dutenez, “proiektu honetan, publikoa bakarrizketa baten lekukoa izango da. Bertan, protagonistak bere bizitzaren, bizitako esperientzien eta egungo egoeraren ebaluazioa egingo du, bere bizitzako hainbat unetan izandako itxaropenen eta egungo egoeraren balantzea eginez. Hala, interpretearen eta teknologiaren arteko elkarrizketa bat sortuko da eta autoerretratua eraikitzen lagunduko du”.
Proposamen honen barruan, etengabe konektatuta dagoen gizartearekin lotutako gaiak aztertuko dira eta gizarte horretan pertsona bat nola bere burua kokatzen saiatzen den erakutsiko da. “Pribatutasuna eta publikoaren gatazka ikusiko da, non esperientzia pertsonal eta akats guztiak pribatuak izateari utziko dioten eta pantaila baten atzean ezkutatuko diren ikusleentzat publiko izatera igarotzen diren heinean.
EMDLM proiektua instalazio artistiko gisa abiatu zen 2018an eta gizarte globalizatu eta konektatu bati nolabaiteko tentsioa ezkutatzen dioten erretratu batzuk dira.
Proposamena Bilboko zentroko eszenAZen Arte Eszenikoen 2022 – 2023 denboraldiaren barruan kokatuta dago.
Bihar, hilak 20, arratsaldeko 19.00etan izango da estreinaldia, zentroaren Auditorioan. Sarrerak salgai daude jada.