Datorren udan ez gara hemen biziko proiektuarekin jaso du Zubeldiak 27. edizioko Igartza saria. Idazle gazteei beren proiektua garatzeko ematen den beka da Igartza eta Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute urtero.
Ane Zubeldia (Hondarribia, 1994) dugu aurtengo Igartza Literatura Beka sariaren irabazlea. Olatz Mitxelenak, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak hala erabakita jaso du saria idazleak Datorren udan ez gara hemen biziko ipuin-bilduma izango den narrazio proiektuarekin.
Epaimahaiaren iritziz, ipuin-bilduma izango den proiektuan “gai eta estilo askotako kontakizunak daude, baina, batzen dituen hari bat aipatzekotan, egileak galdera bat du aipagai: zer kontatzen diogu geure buruari mundua esplikatzeko, bizitzaren misterioak argitzeko, gure egoera, patua edo jarrera ulertzen saiatzeko? Hainbat giro eta garai, adin eta generotako pertsonaiak izango dira bilduman, eta bakoitzak unibertso propio bat eraikiko du arnasa luzeko istorio hauetan”. Zubeldiak, orain, urte eta erdiko epea izango du proiektua nobela bihurtzeko.
Hondarribiarra musikan, komunikabideetan eta itzulpengintzan ere ibiltzen den arren, literaturan Mejillon Tigre kolektiboan Hitz esana ikuskizunarekin dabil hara-hona. Beasaingo Igartza jauregian egin den ekitaldian, garaikurra eta 10.000 euroko sariaren erdia jaso ditu.
Idazle gazteak laguntzeko saria
Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek 27. edizioa bete du. Igartzako jauregian elkartu dira sari emate ekitaldian irabazlea zein hiru erakundeetako ordezkariak; Beasaingo alkatea Leire Artola, Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren eta CAFeko euskara arduraduna Bianditz Iraola.
16 izan dira 27. edizio honetara aurkeztutako lanak, horietatik zortzi gipuzkoarrak, zazpi bizkaitarrak eta bat nafarra.
Ekitaldian ere, Irati Irizar iazko irabazleak, behin bere liburua amaituta, sariari dagokion bigarren zatia jaso du (3.000 euro). Ilargi-kutsadura nobela datorren udaberrian aurkeztuko da toki berean.
Idazle gazteen sorkuntza-lana saritzea
Igartza Literatura beka saria idazle berrien sormena bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Baldintza nagusiak, 35 urte bete gabe izatea, aurretik lan argitaraturik izatekoetan helduentzako bi liburu baino ez izatea eta lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izatea dira.