Hortzak taldea (argazkia: Burdina Astintzen metal jaialdia)

Anestesia, Kudai eta Hortzak taldeak izango dira maiatzaren 23an, Donostiako Burdina Astintzen jaialdian

Bosgarren edizio honek izaera propioa eta euskalduna mantenduko du. Hala, euskaraz abestutako heavy metala izango da protagonista Larratxoko Kultur Etxean.

Maiatzaren 23an, larunbata, Burdina Astintzen jaialdiak hartuko du Donostiako Larratxo Kultur Etxea. Heavy metala euskaraz jorratzen duten hiru talde ariko dira zuzenean: Anestesia, Kudai eta Hortzak. Azken hau Paul Urkijo zinemagilearen musika talde berria da.

Herriko Burdina da antolatzailea, 2002tik Euskal Herriko heavy metala babestea eta bultzatzea helburu duen ataria. Burdina Astintzen jaialdia, berriz, 2004an egin zen aurreneko aldiz. Bigarrena 2005ean, hirugarrena 2010ean eta hamabost urteren ondoren laugarrena egin zuten iaz.

Bosgarren edizioak izaera propioa eta euskalduna mantenduko duela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek. Hala, euskaraz abestutako heavy metala izango da protagonista.

Zarauzko Anestesia (thrashcore) da oholtzara igoko den taldeetako bat. laukote beteranoak emanaldi gutxi eskaniko ditu 2026an, eta horietako bat Donostiakoa izango da. Ibilbide luzeko errepertorioa eskainiko dute, eta keinu berezia egingo diote 30 urte bete dituen Erantzun diskoari. “Mugarri bat izan zen gipuzkoarrentzat, ziur lan horretako abesti batzuk ere eskainiko dituztela”, adierazi du antolakuntzak.

Kudai taldeak (metal industriala) bere aldetik, 2020an ibilbidea etetea erabaki zuen, baina iaz kontzertu berezi bat emateko oholtzara igo zen berriro. Gainera,  Agur T ‘erdi EP berria argitaratu zuten. Aurten emanaldi bat eskainiko dute, eta hori Larratxokoa izango da. Donostia eta inguruetako kideek osatzen dute taldea eta “etxean” jotzeko gogotsu daude.

Azkenik, Hortzak taldea (sludge metala) ariko da jaialdian Paul Urkijo Alijo zinemagile eta abeslaria du buru taldeak, eta estreinaldietako bat Donostian izango da. Ez dut pozik egon nahi bigarren diskoa kaleratu berri dute, eta zuzenean aurkezteko prest daudela iragarri dute.

Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean eskuratu daitezke.

Zabaldu:

Utzi erantzuna