Angel Errok, Rikardo Arregik eta Aitor Blanco Leozek Gasteiz itzulpen sariak irabazi dituzte

Erro eta Arregi haur literaturaren kategorian saritu dituzte Lawrence Schimelen Pronto por la mañana eta No es hora de jugar lanak itzultzeagatik. Leozek, berriz, gazte literaturaren kategoriako saria irabazi du Arthur Conan Doyleren The memoirs of Sherlock Holmes lanaren itzulpenagatik.

Gasteizko Udalak urtero antolatzen dituen Gasteiz sariek badituzte irabazleak: hemeretzigarren edizio honetan Angel Erro eta Rikardo Arregi itzultzaileek haur literaturaren kategorian eskuratuko dituzte sariak eta Aitor Blanco Leozek gazte literaturaren kategorian. Lan bakoitzak 9.000 euroko saria jasoko du.

Erro eta Arregi Lawrence Schimelen Pronto por la mañana eta No es hora de jugar lanak itzultzeagatik irabazi dute saria. Leozek, berriz, gazte literaturaren kategoriako saria irabazi du Arthur Conan Doyleren The memoirs of Sherlock Holmes lanaren itzulpenagatik.

Aurten hamasei lan aurkeztu dira haur eta gazte literaturako Gasteiz sarietara, horietako zortzi haur literaturaren kategorian eta beste horrenbeste gazte literaturaren kategorian. Aurtengo epaimahaia Karlos del Olmok, Nerea Hernandok, Mario Unamunok, Miren Ibarluzeak eta Karlos Zabalak osatu dute.

Egitasmoaren helburua haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenak aintzatestea da.

Sari-emate ekitaldia

Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera egingo da ekitaldia aurten eta ohiko diplomez gain, eskuz landutako garaikurrak banatuko dituzte lehen aldiz. Zehazteko daude oraindik sari-emate ekitaldia noiz eta non izango diren.

Zabaldu: