Animadeba jaialdia gaurtik igandera

(Informazioa: Kulturklik)

Zazpi herrialdetako hamar fim labur lehiatuko dira Debako zinemaldiaren Sail Ofizialean.

Gaurtik, hilak 19, igandera animazioaren erakusleihoa izango da Deba, azken hamaika urteotan izan den moduan, Animadeba ekimenari esker. Aurten, ordea, proposamen berriekin dator jaialdia. Horien artean nagusia, erakustaldia izatetik nazioarteko jaialdia izatera egin duten apustua.

Animadeba 2008an sortu zuen Aitor Oñederrak Debako kultur teknikari baten laguntzarekin, hasiera batean, animaziozko zinemaldi txiki bat sortzea zen asmoa, baina azkenean, zine-forum moduko erakustaldi bat sortu zuten. Jaialdiaren helburu nagusia helduentzako animazioa publikoari hurbiltzea zen. “Publiko orokorra ez dago animazioa fikzioa bezala ikustera ohituta”, dio Oñederrak. Lehen urteetan jendea erakartzea kostatu zitzaiela aitortu du. “Zorionez, urteetan zehar ikusleak gehitu ditugu eta batzuk gure zinemaldira etortzeko ohitura hartu dute, eta bere egin dute”.

Aurten baina, pausu bat aurrera eman dute eta nazioarteko animazio zinemaldi bihurtu da erakustaldia. “Beti izan dudan ametsa da, mostra izatetik, nazioarteko film laburren lehia edukitzera pasatzea”. Oñederrak azaldu duenez, aldaketa handiak izan dira jaialdiaren barneko estrukturan. Orain produkzio talde bat daukate eta bakoitzaren lana jaialdia aurrera atera dadin dago bideratua.

Programazio aldetik ere lan handiagoa suposatu du: Nazioarteko film laburren lehiaketaren aukeraketa prozesua, film luzeena eta bestelako ekitaldi paraleloen programazioa…

Zazpi herrialdetako hamar fim labur lehiatuko dira Debako zinemaldiaren Sail Ofizialean, eta beste hainbeste film labur Zuzendari Berriak EHU sailean.

Sail Ofizialean parte hartuko duten izenburuak hurrengoak dira: Lauren Greenfield: How Capitalism Exploits Insecurities (Lena Greene, AEB); A bus (Wen yu Li, Txina); Cómo y porqué se ha esfumado Don José (Moshe Ben-Avraham, Israel); New York After Rain (Haisi Hu, AEB); Le Mans 1955 (Quentin Baillieux, Frantzia); The Bird & the Whale (Carol Freeman, Irlanda); Flut (Malte Stein, Alemania); Soy una tumba (Khris Cembe, Espainia); 32-Rbit (Victor Orozco Ramírez, Alemania) eta Muedra (César Díaz Meléndez, Espainia).

Zuzendari Berriak EHU sailean lehiatuko diren filmak berriz, ondorengoak dira: Them People (Nausheen Javed, Alemania); It’s wet! (Alexis Godard, Nan Huang, Frantzia);  Your Future (Petra Stipetic, Maren Wiese, Frantzia); John don’t know nothin (Conor Kehelly, Erresuma Batua); The incredible Wardrobegadget of Dr. Stein (Gabriela Placková, Txekiar Errepublika); Las del diente (Ana Pérez López, AEB); Fuse (Shadi Adib, Alemania); Not Yet (Tímea Laura Varga, Hungaria); No gravity (colectivo, Frantzia) eta Stuck in the middle (colectivo, Frantzia).

Larunbatean izango da sari banaketa ere, 22:00etan, Kutxa Beltzan, horretaz gain, hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera eskaintzen du egitarauak; Kontzertuak, erakusketak, hitzaldiak, tailerrak…

Zabaldu: