Dragoi Bola animaziozko telesailaren euskarazko bikoizleak omenduko dituzte Antzoki Zaharrean urriaren 20an egingo den ekitaldian. Bertan, telesailaren lehen atala ikusteko aukera ere egongo da.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea berrikuntza batekin dator aurtengoan: Animedon – Donostiako Anime Topaketa izeneko sail berria. Donostiako zinema jaialdiak pausu bat aurrera eman nahi izan du eta, aurten, filmez gain, jarduera paraleloak ere izango dira urriaren 25etik azaroaren 1era. Tartean animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak. Antolatzaileen esanetan, “historikoki, animazio japoniarraren zaleentzako babeslekua izan da Astea, eta askotan zinema mota horren ezaugarri adierazgarrienak eta erakargarrienak programatu izan ditugu”.
Streaming plataformen goraldiarekin batera, animearen kontsumoa mendebaldean “izugarri handitu” dela dio antolakuntzak. Ikerketen arabera, 90eko hamarkadaren hasiera eta milurteko berriaren hasiera bitartean jaiotako Z belaunaldiaren % 42ek astero kontsumitzen dute animea. “Zinema-aretoetan publikoa berritzea beti dela beharrezkoa kontutan hartuta, Animedonek gazteei egiten die gonbidapena estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten”.
Zinemaldian bezala, Animedonen programatutako film luzeak, gainera, ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, eskaintza tematiko zabalagoa izango dute.
Dragoi Bola, omenaldiak eta erakusketak
Euskal populazioak beti izan du lotura berezia animearekin, urte askotan telebista publikoak mota honetako edukiak euskaraz eskaini izan zituelako. Adierazgarriena Dragoi Bola telesaila izan zen, Akira Toriyamaren mangaren moldaketa. Horregatik, Animedonen lehen edizioak bere irudia eta obra gogoratu nahi izan ditu, Antzoki Zaharreko fatxadatik bertatik. Aurten, Innovart estudioko Mikel Herreroren zuzendaritza artistikoa izango du, eta fikzio horretako irudiekin apainduko du fatxada.
Ekitaldi nagusia urriaren 20an, igandea, izango da, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bolaren euskarazko bikoizleei.
Bestetik, Toriyamari egiten zaion omenaldia bi erakusketek osatuko dute. Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia, Jorge Madejonek komisariatua, Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) ikusi ahal izango da. Bertan, 26 ilustratzaileren lana erakutsiko da, mangakaren obra berrinterpretatu dutenena. Erakusketa honetarako propio pieza bat sortu duten egileen artean daude Joseba Larratxe, Euskadi Ilustrazio Saria (Ni ez naiz Mikel Laboa); Alba Cardona; Paul Urkijo zinemagilea; eta Borja Crespo ilustratzailea.
Azkenik, Euskadi Fantastikoaren barruan, Alderdi Ederreko Liburutegi Nagusiak Nacho Fernandez bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. Dragon Fallen egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia, egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena.
Animedonen irudi grafikoa, baita Tokiko bere maskota ere, Angel Aldarondo zuzendari, editore, animazio-egile eta gidoilari ondarroarrak diseinatu eta sortu ditu.