Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteak, Animedon, Donostiako Anime Topaketa sailaren barruan, hainbat jarduera antolatu ditu urriaren 31tik azaroaren 8ra bitartean animazio japoniarra gustuko dutenentzat.
36. edizio honetan, sailaren programazioan estreinaldiko hiru film luze, Doraemonen egileei egindako omenaldia, bi erakusketa, euskarazko manga aurkezpenak, eta One Piece egungo serieko bikoizleen arteko elkarrizketa izango dira.
Animedon iaz sortu zen sail propio gisa, zinema mota horren eskaera gero eta handiagoari erantzuteko. Berriki egindako azterlanek diotenez Z belaunaldiaren % 42k Japoniako animazioa kontsumitzen dute astean behin, eta Netflix plataformak egindako txosten baten arabera, mundu mailan harpidedunen % 50ek baino gehiagok erregulartasunez kontsumitzen dute animea. Animedon estreinaldi handienak ardatz dituen proiektua da, eta formatuaren eta areto ilunean zinemaz gozatzeak duen garrantziaren aldeko borondate pedagogiko argia du.
Fujiko Fujiori omenaldia
Iaz Akira Toriyamarekin egin zen bezala, Animedonek omenaldia egingo dio Fujiko Fujiori, mangakari. Toriyama lan enblematikoen egilea da, genero hauei atxikiak: kodomo —haurrei zuzendutako komiki eta animea— eta shonen —aurrenerabeei eta nerabeei zuzendua—, tartean Doraemon, bere lanik ezagunena eta Japoniako pop kulturaren ikono bihurtua, Kiteretsu Daihyakka —Euskal Herrian Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra izenburuarekin ezaguna egin zena— eta Hattori Ninja.
Bikote baten izen artistikoa da Fujiko Fujio, eta biak komikien egileak dira: Hiroshi Fujimoto (1933-1996) eta Motoo Abiko (1934-2022). 50eko hamarkadaren hasieran hasi ziren argitaratzen, eta ia 40 urtez 50 serie baino gehiago sinatu zituzten elkarrekin. Horietako asko, gainera, animera moldatu ziren. Bikotea 1987an modu adiskidetsuan desegin zen, sortze-lanetan zituzten desadostasunengatik eta kideetako baten osasun arazoengatik. Une horretan lizentziak banatu ziren: Fujimoto, Doraemon eta Kiteretsuren eskubideekin geratuta, Fujiko F. Fujio gisa hasi zen bere lanak sinatzen. Abikok, berriz, Hattori Ninjaren eskubideak bere eginda, Fujiko Fujio A goitizenarekin jarraitu zuen sortzen.
Fujiko Fujioren lana hiru serie horien bertsio bizidunari esker eman zen ezagutzera euskaraz, Euskal Herrian.
Mangaka hauei omenaldia egiteko Animedonek Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak jarduera antolatu du, azaroaren 1ean, 12:00etan, Victoria Eugenian. Saio horretan honako hauek proiektatuko dira: 1979ko Doraemon seriearen lehen atala, 1.000 atal baino gehiago izan zituena; Doraemonen jaiotza (1995) atal berezia eta gutxitan ikusia, denboran zehar bidaiatzen duen katu kosmikoaren sorkuntza kontatzen duena; Hattori Ninjaren (1981) lehen atala eta Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarraren (1988) lehen atala. Saioa euskara hutsean izango da, eta bertan izango dira Ane Aseginolaza eta Arantxa Moñux bikoizketako aktoreak, hurrenez hurren Doraemonen eta Nobitaren ahots originalak euskaraz. Irati Errandonea kazetariak gidatuko du ekitaldia. Sarrera doan izango da, gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan edo Donostia Kulturaren webgunean eskuratu ahal izango dira urriaren 27tik aurrera, 11:30ean.
Hiru film luzeren estreinaldia
Animedonek areto ilunean lehendik ikusi ez den edukia eskaintzea du ardatz. Aurten hiru estreinaldi eskainiko dira. Proiekzioak Victoria Eugenian izango dira azaroaren 1, 2 eta 3an, arratsaldeko 19.00etan. Film guztiak jatorrizko bertsioan proiektatuko dira eta azpititulu bikoitza izango dute, euskaraz eta gaztelaniaz.
One Piece fenomenoa, manga euskaraz eta rol-jokoak
Jarduera paraleloetako batzuk FNACeko aurkezpen-gunean egingo dira. Iaz egin zuten bezala, Harriet argitaletxeko Mikel Murok bere zigilu Kaberen 2025-2026 aldirako nobedadeak aurkeztuko ditu. Aurkezpena urriaren 23an izango da, 19:00etan.
Bi egun geroago, leku berean, baina 12:00etan, Luffy eta Luffy, bi ahots, bi belaunaldi hitzaldia emango da, egungo anime fenomenoetako baten inguruan: One Piece seriea, milioika jarraitzaile dituena munduan zehar. Xabier Alkiza eta Jon Samaniego izango dira hitzaldian parte hartuko dutenak.
Bestetik, euskarazko rol-jokoek ere lekua izango dute programazioan, Animerrola ekimenaren bidez, honako hauen lankidetzarekin: Astea, Rolariak kolektiboa, Egiako Ebla liburu-denda eta Donostia Kultura. Azaroaren 7an Egia Kultur Etxean eta azaroaren 8an Ebla liburu-dendan lau partida izango dira, besteak beste, Death Note eta Dragoi Bola serieetan oinarrituak.
Gainera, Animedonek bi erakusketa antolatu ditu aurten. Batetik, Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan, eta bestetik, Euskadi Fantastikoa 21.
Animedon plazan
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen hasiera animatzeko, azaroaren 1ean, 17:30etik 20:30era, Donostiako Bulebarren Animedon plazan: Dragon-con ospatuko da, dragoien tradizio asiarra ardatz hartuta. Dragoiak sortzeko tailerrak, izaki fantastiko bihurtzeko makillaje-guneak, ihes-kutxak eta photocall bat egongo dira.