Aniztasuna, eta adin tarte ezberdinei zuzendutako egitarau oparoa dakar Gasteizko Oihanederrek

Proposamenak uda osora begirakoak izango dira: alde batetik, beste urte batzuetan jorratu dituzten jarduerak berriztu dituzte (Gasteiztarrak Arraun The World, Kortxeak & Krispetak, Irri barra gauak…), eta bestetik, proposamen berriak eskainiko dituzte, egoera berrira egokituz.

Martxoaren 4an egin zuten Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean azken jarduera. Baina lanean jarraitu dute, eta besteak beste, ekainera bitarteko hilabeteetan “sare sozialak izan dira gure jardunaren erakusleiho, bereziki, euskal kulturaren inguruan proposatu ditugun lehiaketa ezberdinen bidez. Aurreikusita genuen aurkezpenen bat ere Instagram bidez zuzenean egitea lortu dugu”. Ia lau hilabeteren ondoren, apurka-apurka aurrez aurreko jarduerak egiten hasiko direla iragarri dute. Egoera berriari egokitutako jarduerak antolatzeaz gain, Oihanederren ohiko programazioan berrikuntzak ere egingo dituzte hilabete hauetan.

Kultur Udatea Oihanederren

Sei arlo ezberdinetan antolatuko dituzte euren proposamenak hurrengo hiru hilabeteetarako: lehiaketak, deialdiak, filmak, kontzertuak, antzezlanak eta familia jarduerak.

Udari hasiera emateko, garai honetan Oihanederren izan ohi duten lehiaketa egingo da: Gasteiztarrak Arraun The World argazki-hizki lehiaketa. Ekainaren 20tik aurrera egingo dute seigarren edizioa eta azaldu dutenez, aurten izena aldatu diote: Arraun The Basque’s World. “Aurtengo oporrak gutariko askok Euskal Herrian pasako ditugunez, lehiaketa moldatu eta mundu osoko argazkiak jaso beharrean, bertako gai ezberdinetako irudiak jaso nahi ditugu, euskaldunen munduan zehar arraun eginez, eta argazkietan islatuz”.

Deialdiei dagokienez, 2019tik martxan izan duten Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdia ixteko momentua heldu dela jakinarazi dute. “Badira sei hilabete deialdi honetako irabazleak beren proiektuak gauzatu ahal izateko lanetan hasi zirela, eta ekaineko azken egunean aurkeztuko dizkigute: bi liburu berezi (Bizimundua eta Tinta eta grafito artean: musak) eta dokumental baten trailerra (Erroak)”. Aurtengo deialdiaren datak aurkezpenean bertan iragarriko dira.

Bigarren deialdi bat ere izango da: uda honetarako antolatu duten berrikuntzetako bat izango da Egin Leku!, urtean zehar Falerina tabernan igande arratsaldetan jotzeko plaza musikari hasi berriei eskaintzen dien deialdi irekia. Proposamenak bidaltzeko epea uztailaren 1ean irekiko da eta 27ra arte egongo da zabalik. Kontzertuak irailean hasiko dira.

Ikus-entzunezkoen atalean, Kortxeak & Krispetak zikloaren edizio berri bat izango da. Uztaileko asteazken guztietan iluntzeko 19:00etan emango dira musikari handiei buruzko dokumentalak, baina aurten Ortuño aretoan egin beharko dituztela nabarmendu dute, “kanpoan egiteko baldintzak izugarri korapilatu dira COVID-19a dela-eta”. Horrez gain, eta jaialdiari bukaera emateko, kontzertua antolatuko da Falerina lorategian.

Ostegun iluntzetan, berriz, umorea izango da nagusi, “Irri-barra gauetako saioekin ilunabarrak irribarrez beteko ditugu Oihanederren: aurten hiru saioz osatutako egitaraua osatu dute (uztaila, abuztua eta iraila) eta aktore euskaldun eta ezagunak gerturatuko dira gurera”.

“Egoerak uzten digun neurrian, Falerina lorategian kontzertuak antolatuko ditugu. Baldintzak aztertzen ari gara, eta taldeekin hitz egiten”.

Etxeko txikienentzako ere egitarau oparoa dakar Oihanederrek. Hala, iraileko lehen asteetan Dona-dona katona egitarauaren baitan, “txikienak hazteko eta nagusienak gaztetzeko jolasak” eskainiko ditu Txatxilipurdi elkarteak.

Egoerak eskatzen dituen segurtasun baldintzak (higienea, segurtasun distantziak, edukieraren kontrola…) bermatzeko, neurriak hartuta gauzatuko dira jarduera guztiak, eta tokian tokiko argibideak momentuan jakinaraziko dira jarduerak modu egoki eta seguruan burutu daitezen.

Horrez gain, jarduera guztiak doakoak izango direla azpimarratu dute, baina edukiera mugatua izango denez, gonbidapenak aldez aurretik hartu beharko dira webgunean.

 

Zabaldu: