(argazkia: Alberdania)

Anjel Lertxundi idazleak ‘Desertuan behatxuloa’ liburua kaleratu du

Saiakeraren zentzu betean ari da idazlea liburu honetan enbor askotarikoei ezpal askotarikoak ateratzeko lanean.

Anjel Lertxundi idazleak Desertuan behatxuloa izeneko saiakera aurkeztu du Alberdania argitaletxearen eskutik eta Juan Kruz Igerabide lagunarekin batera. Edizio lanetan aritu da azken hau eta egilearen testuen edizio lana egiteak bertigo pixka bat ematen diola ere aitortu du. “Abian doan tren batera igotzen zara, itxiak uste zenituen testu zatiak etengabeko martxan amaiera arte aldatuz doazela ikusten duzu, bizitzen duzu, bagoi baten aldaketak besteari eragiten baitio”.

Igerabidek azaldu duenez, liburu honetan, “idazleak bere etxera gonbidatzen du irakurlea, bere liburutegira, bere sukaldera, baita bere logelara ere; ez ditu bere ezinak disimulatzen, ez, baina bere ezinetatik apaletako liburuak arakatzen ditu, arnasa zabaltzen du espazioan eta denboran, bizitzen laguntzen dioten idazle eta pentsalariak ekartzen ditu bere minak eta saminak, ez agian leuntzera, baina bai ulertzen saiatzera, eta haiei (minei zein idazleei) aurrez aurre duintasunez begiratzera. Heriotza bera ere pare-parean du: gorputz-haragiak, bizitzako proiektuak eta kezkak nahiz atseginak berarekin partekatu zituenaren heriotzak berea ere eragin du hein batean; baina ikasi du hala ere maitearen hutsuneari bizia ematen, ez soilik oroitzapenekin, ez soilik sentipenekin, ez soilik eguneroko ekintza xumeekin (hark utzitako loreak ureztatzea, landareei bizirik eusten saiatze hunkigarria, besteak beste), baita pentsamenduekin ere; liburu honetan etengabea baita gogoeta, elukubraziotik ihesi doan gogoeta, haragi-haragian jaiotzen den gogoeta, bizitza guztian lagun eta lehiakide menderagaitz izan duen hizkuntzarekiko gogoeta, azken urteetan gordin-gordin bizi izandako aje eta eritasunen gogoeta, pandemiaren kontzentrazio-zelai mentalak eragindako gogoeta, giza kondizioak, gizarte-arazoek, arte-munduak, irakaskuntzak eta hainbat eta hainbat alorrek eragindako gogoeta. Trena inoiz geldituko ez zela uste zenuenean, bat-batean geltoki batera iristen zara. Liburua argitaratzeko unea da. Idazleak bidaia jarraituko du. Zu nasan geratuko zara trenari begira, eskerrak emanez partekatu duzun bidaia zati ahaztezinagatik”.

Lertxundiri gero eta gehiago interesatzen zaizkio testu labur desberdinek lortutako osotasuna eta azaldu duenez, liburuko testu laburrak “itxiak dira, osotasunak, desberdinak, baina berez edo ustez elkarren antzik ez duten testu labur batzuekin lortu daiteke osotasun orokorrago bat, elementu desberdinen, baita kontrajarrien, emaitza koherente bat. Hori da, besteak beste, Desertuan behatxuloa: testu desberdinekin lortutako zentzuzko osotasun bat”.

Egileak gehitu duenez, “testuen ordenamenduak, organizazioak, garrantzi betea du halako liburu bat ez dadin hainbat ideien zaku bat izan: agian liburuaren konturik zailenetakoa da testu laburren antolamendua. Testu bat beste baten atzean edo aurrean edo urruti jartzeak ondorioak ditu. Eta, askotan, idazlea dudan dago pieza bakoitza non kokatu. Puzzle-kaxa bateko pieza guztiekin koadro desberdinak sortzea balego bezalako emaitza bat da, azken finean, liburua”.

Lertxundiren ustez, munduak forma asko har ditzake begiraden arabera. “Begirada aldatzen bada, paisaia ere aldatu egingo da begiradarekin. Mundua ere aldatu egingo da. Munduaren, bizitzaren forma berriak bilatzen saiatzea da kontua. Zerbait berriaren bila ibiltzea. Ertz orijinalen bat, ezagutzen ez genuen ikuspuntu bat ematen saiatzea da. Besteak beste, horixe da artea oro har, eta literatura”.

Idazle askoren egunkari asko beren biografia historikoaren kontakizuna dela dio egileak. “Desertuan behatxuloa ez da egunkari bat, baizik nire barne bizitzaren (pentsamenduen eta sentimenduen, intuizioen eta desioen) azaleratze bat, barne abenturekin osatutako autoerretratu bat. Neure baitako bizitza intelektual eta sentimentalean oinarritutako liburua da. Atzean utzitako egiak eta pentsamenduak, gerra, gorrotoa, artegintza, sufrimendua, politikoki zuzena, etika, zalantzaren itzal luzea, porrota… Niaren bila nabil testuotan, bere baitako sakoneraren bila dabilen baten ahalegina da liburua: eta gure baitako sakonerarik sakonena, guztiok humano eta berdin egiten gaituen lurraldea da”.

Lertxundik aitortu du  halako lan batek beti dakarrela arriskua, “baina artista batentzat porrota eramangarriagoa da zuzentasun akademikoz mozorroturiko errutina baino. Horregatik, idazleak ezin ditu bakardadea eta isiltasuna lastre gisa bizi, beharrezko epika apal baten moduan baizik. Norbere iritzi estetikoenganako leialtasunak, ez zalantzarik gabeak, markatzen du artista baten etorkizuna”.

Zabaldu: