Antioko Musikaldiaren 37. edizioa irailaren 5ean abiatuko da

Emanaldiak doakoak izango dira eta iraileko larunbat guztietan izango dira, 19:30ean.

Zumarragako Antioko Musikaldia urtero ospatzen da, irailean, Zumarragako izen bereko ermitan. Aurtengoa XXXVII. edizioa da eta irailaren 5ean, 12an, 19an eta 26an izango da.  Zikloa 1984an hasi zen, eta Debakoarekin batera Gipuzkoako lehenengoetako bat izan zen.

Abiapuntua “musika kultua” delakoaren deszentralizazioa izan zen, eta horretarako, Antioko ermita leku ezin hobea izan zitekeela pentsatu zuten ekimenaren bultzatzaileek, bai akustikagatik eta historiagatik, bai interes turistiko eta kulturalagatik. Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Harkaitz Millan Kulturako diputatuak azpimarratu dutenez, “Aurten ere, kalitatea eta barietatea bermatuta daude berriz ere eta horri inguruaren edertasuna eta ermitaren aparteko akustika gehitu behar zaizkio, kontzertu horiek esperientzia paregabea bihurtzen baitituzte”.

Zikloaren aurreko edizioetan parte hartu dutenen artean, Kukai dantza taldea edota Kalakan daude. Aurtengo programa prestatzerakoan, Covid-19aren krisiak eragindako egoerak zikloaren antolaketa baldintzatu du, baina ahalegina egin da hurbiltzen diren artista, teknikari eta publiko guztientzako espazio seguru eta atsegina lortzeko.

Egitaraua:

  • Irailaren 5ean: Bi min kantuan: Iparragirre eta Lete. Joxean Goikoetxea eta Euskamerata.
  • Irailaren 12an: Metamorfosia: Garikoitz Mendizabal (txistua) eta German Ormazabal (pianoa).
  • Irailaren 19an: Vocalia abesbatza – Esemble Conductus.
  • Irailaren 26an: Kamerata Euskdivarius – Beethovenen 250. urteurrena.
  • Urriaren 3an: Gandeia – Igartubeitia baserrian. (18:00)

Covid-19aren egoera kontuan hartuta, edukiera mugatua izango da; beraz, kontzertuetara joan ahal izateko, dagokion gonbidapena jaso beharko da. Interesa dutenek kultur etxean eskatu beharko dute gonbidapena zuzeneko bakoitzaren aurreko astean (09:00-14:00), edo mezu elektroniko bat idatzi beharko dute kultura@zumarraga.eus helbidera, astelehenetik asteazkenera.

Eskaera gehiago badaude eskuragarri dauden gonbidapenak baino, gonbidapenak zozketa bidez esleituko dira. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen jaso ahal izango ditu, eta gonbidapen horietako bat izenduna izango da. Autobus zerbitzua eskainiko da eta nahitaezkoa izango da gonbidapena aurkeztea.

Zabaldu: