Musikari donostiarrak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra eta segidan kontzertua eskainiko du.
Antton Valverde musikari donostiarrak jasoko du 2025eko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamaikagarrena, hain zuzen ere, Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiak proposatuta.
Epaimahaikideek aintzat hartu dute artista donostiarrak zer nolako eragina izan duen “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.
Valverdek aitortu duenez, “kantagintzarekin zor handia daukat”. Kantagintzak eman dio Euskal Herria goitik behera ezagutzeko aukera. Eta batez ere, “jende asko ezagutu dut, lagun asko egin ditut, eta horrekin harro nago. Zerrenda egiten hasiko banintz, ez genuke momentu batean bukatuko. Denontzako nire esker ona, eta gaur, bereziki, sari hau ematea erabaki duten Donostia Kulturako arduradunentzako”.
Valverdek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra eta segidan kontzertua eskainiko du Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxan Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariez lagunduta.
Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 30, jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.