Euskadiko Filmategiak materiala modu egokian kontserbatu eta katalogazioa egiteko ardura du orain.
Antxon Ezeiza (1935-2011) zinemagile donostiarraren funts dokumentala, bibliografikoa eta grafikoa bateratuta kontserbatuko da eta komunitate zientifikoaren eskura egongo da Euskadiko Filmategiaren artxiboan. Berriki bertan katalogatu da material osoa. Ezeizaren alarguna zenak, Josefina Rubiok, Errenteria, Pasaia, Hernani eta Andoaingo Udalei oinordetzan utzi zien bere senarraren funtsa. 2020an udalek ondarea Euskadiko Filmategian uztea erabaki eta Filmategiarekin hitzarmen bat sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, Euskadiko Filmategiak material horiek modu egokian kontserbatzeaz gain, horien katalogazioa egiteko ardura ere badauka.
Filmategiak funtsa osatzen duten materialak jaso eta egokitutako artxiboetan gorde zituen. Gero, edukien inbentarioa eta katalogazioa egin zuen. Antxon Ezeiza Funtsa material bibliografikoez, zinematografikoez eta audioez osatuta dago. Material bibliografikoarekin 257 erregistro sortu dira: Ezeizak idatzitako gidoiak, sinopsiak, testuak, gutunak eta artikuluak badaude. Gehienak mekanografiatuak dira, baina badaude eskuz idatzitakoak ere. Halaber, gidoi berriak prestatzeko erabilitako materiala, oharrak eta ideia solteak ere aurkitu daitezke. Prentsa artikuluen artean, Antxon Ezeizari buruzko testuak badaude, baita etorkizuneko proiektuak lantzeko interesgarritzat jotzen zituenak ere. Gainera, bere filmografiarekin eta bere ibilbidearekin lotura duten diplomak eta argazkiak badaude. Bestalde, funts honetan 51 audio zinta magnetiko daude. Zinta guztiak Eresbilek (Musikaren Euskal Artxiboak) digitalizatu ditu. Gehienak Ikuska saileko filmeetako elkarrizketen audioek osatzen dute. Azkenik, sei zine bobina (Super-8mm) daude, guztiak Ikuska sailaren filmetako irudiekin eta baztertutako eszenekin.
Donostia Zinemaldiak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak lankidetza oso aktiboa izan dute prozesua hasi zenetik, Filmategiak Ezeiza Funtsa modu bateratuan gorde ahal izateko egin diren gestioetan. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariaren hitzetan, “Ezeiza zinemagile, teoriko eta gure zinemagintzaren bultzatzaile izateak duen garrantzia kontuan hartuta, funts hori osatzen duten lehen mailako iturriak ikertzaileentzat eskuragarri jartzea urrats garrantzitsua da euskal zinemaren historia hobeto ezagutzeko. Euskal ondare zinematografikoa babesteko erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona ere bada”.
Euskadiko Filmategiaren egoitzan kontsulta daiteke dagoeneko Antxon Ezeiza Funtsa, aldez aurretik hitzordua eskatuz.