Antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta literaturaren inguruko saioak Donostin

(Informazioa eta argazkia : Mintzola.eus)

Ostegunero saioak egingo dira antzerkiaren, bertsolaritzaren, kantagintzaren eta literaturaren inguruan, urriaren 31n hasi eta azaro osoan zehar. 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendua, sarrera doakoa da baina izena eman behar da urriaren 7tik 21era.

Ostegunak bereziak izango dira azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko saioak antolatu dituzte Mintzola Ahozko Lantegiak eta EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera: Ahostegunak.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura izango dituzte mami ekimena osatzen duten saioek. Egun bakoitzeko, kultur sorkuntza bat landuko da eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu.

Izenak ongi dioen moduan, saioak ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara. EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan gauzatuko dira, Donostian. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenenekoa egiten den arte:  Uxue Alberdi izango da taldean literatura landuko den egunean; bigarrenean, antzerkiaren ingurukoak aletuko ditu Miren Gaztañaga aktoreak; bertsolaritzaz gozaraziko dute Beñat Gaztelumendik eta Maialen Lujanbiok; eta laugarren saioan, Ines Osinaga musikari eta kantariarekin solasean aritzeko aukera izango da. Azaroaren 28an egingo den azken jardunaldian, lau diziplinak aintzat hartuko dituen mahai-ingurua egingo da, eta han elkartuko dira aurrez egun bakoitzean egon diren gonbidatu horiek guztiak.

EHUko Gipuzkoako campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako 18 eta 22 urte bitarteko gazteek ere. Sarrera doakoa da, baina aurrez izena eman beharko da urriaren 7tik 21era bitartean.

Informazio gehiago hemen.

Zabaldu: