Artedramaren 'Miñan' antzezlana

Antzerki zikloa, HernaniKomik eta herriko sortzaileen lanak izango dira udazken honetan Hernanin

Urritik abendurako kultur programazioak musika, antzerkia, dantza eta literatura ekarriko ditu Hernanira. Gaur, hilak 11, jarriko dira azarotik aurrerako saioetarako sarrerak salgai Biteri Kultur Etxean eta online.

Herriko sortzaileek udazken honetan garrantzi berezia izango dute Hernaniko kultur programazioan: musikan, arte plastikoetan eta antzerkian egin dituzten lanez gozatzeko aukera izango dugu.

Antzerki zikloa, bono eta guzti

Udazkeneko Antzerki Zikloa antolatu dute azaroan 26tik 28ra. Hiru emanaldi izango dira, bi euskaraz eta bat gazteleraz, hirurak Euskal Herriko konpainienak: Miñan (Artedrama), El patio de las moreras (Vaiven teatro) eta Futbolistok (Zuhaitz Gurrutxaga). Antzerki zikloko bonuak ere jarriko dira salgai hilaren 11n, 20 euroan hiru emanaldietara sartzeko (Biteri Kultur Etxean bakarrik eskuratu daitezke).

Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleek ere izango dute pase itxi batean Miñan ikusteko aukera. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen izenburu bereko liburuan oinarrituta, Baldek Europara iristeko egindako bidea kontatzen du antzerkiak.

Haurrentzako egitarauari dagokionez, lau antzerki-emanaldi izango dira. Horien artean egongo da Euskalbarrok Ensembleren Euskelele lana abenduaren 12an, Hernaniko Musika Eskolako haurren abesbatzak lagunduta.

Gainera, abenduaren 19an Andoni Mutiloa hernaniarraren Nire fantasia kabareta lana ikusteko aukera egongo da.

Karena, Satxa Soriazu eta Iñigo Montero, musikan hernaniarrak nagusi

Datozen hilabeteetako musika eskaintzan, hernaniarrak izango dira nagusi. Urriaren 10ean, Beñat Elizegi eta Irati Jauregi hernaniarren eta Beñat Kamio ereñotzuarraren Karena taldeak joko du; Satxa Soriazu musikariak The megadeth project aurkeztuko du azaroaren 14an eta Iñigo Montero saxofonistak gradu amaierako kontzertua bere herrian emango du abenduaren 5ean, Sandiusterrin).

Urte bukaeran, zutikako kontzertua izango da. Oraingo honetan, Idoia Asurmendi aramaioarra zuzenean ikusteko aukera izango da abenduaren 28an.

Dantza emanaldi bat ere izango da: Aukeran konpainiaren Migratzaileak, urriaren 24an.

HernaniKomik, euskarazko komiki azoka azaroan

Hernaniko Udal liburutegiak ere hurrengo hilabeteetarako programazioa aurkeztu du. HernaniKomik izango da udazkeneko zitarik garrantzitsuena. Hala, azaroaren 15ean eta 16an, Hernani euskarazko komikigintzaren epizentro bihurtuko da. Egitarau osoa aurrerago aurkeztuko dute.

Ohiko ekimenak ere jarri dira martxan ikasturte berriarekin batera. Liburutegiko hiru irakurle taldeak abiatu dira (euskarazkoa, gaztelerazkoa eta feminista).

Honez gain, ipuin kontaketek berrikuntza izango dute aurten. Izan ere, aurrerantzean haurrekin heldu batek saiora sartzeko aukera izango du. Ipuin-kontaketa saio berezia izango da urriaren 23an, 8 eta 10 urte bitartekoentzat: Edurne Mitxeok Gau Beltza kontaketa antzeztua eskainiko du.

Gure herriko señora

Lau erakusketa ere izango dira datozen hilabeteetan Biteri Kultur Etxean. Horietako lehenengoa gaur arte dago ikusgai. Udalbiltzaren Geuretik sortuak bekarekin sortutako komikien erakusketa da.

Urriaren 16tik 25era, Errapia elkarteak Gorka Setienen eta Mikel Barreiroren omenezko erakusketa antolatu du, haien eta Errapiako sortzaileen lanekin.

Ondoren, Hernaniko Udalaren Sorkuntzarako Bekarekin Uxue eta Miren Bereziartua ahizpek sortu duten Gure herriko señorak ezagutzeko aukera izango da, urriaren 30etik azaroaren 11ra. Hernaniko 17 emakume helduren testigantzetatik abiatu dira erakusketa osatzeko.

Azken erakusketak HernaniKomikekin lotura izango du. Asisko Urmeneta artista nafarraren lanak ezagutzeko aukera izango da azaroaren 13tik 28ra.

Zabaldu:

Utzi erantzuna