(argazkia: Zornotzako Udala)

Antzerkia, dantza eta musika batzen dituen egitarau zabala aurkeztu du Zornotza aretoak

Ekitaldietarako sarrerak salgai daude jada udalaren webgunean. 

Kultur denboraldi berria martxan da Zornotza Aretoan, antzerkia, dantza eta musika batzen dituen ekintza eta ekitaldi eskaintza zabalarekin. Ohiko moduan, programa adin guztietako publikoarentzat diseinatuta dago, familientzat bereziki pentsatutako jarduerak barne.

Zazpi antzerki emanaldi ekainera bitartean

Antzerkiak eman zion ostiralean hasiera egitarau berriari, umorea, poesia eta akzioa batu zituen Itzulera  antzezlanarekin. Emanaldi horri jarraituko diote, ekainera bitartean, beste sei antzezlan desberdinek, esate baterako: Ensayo General (Banarte) umorea eta ikus-entzunezko sormen berritzaileekin, Ni flores, ni funeral, ni cenizas, ni tantán (La Dramática Errante) heriotzaren eta doluaren inguruko hausnarketarekin, Zorretan (Hika), egoera komiko, absurdo edo surrealistekin, Arizona (Txalo) migrazioaren eta mugen inguruko istorio gordin eta tragikomikoarekin, Renata (Kamikaz Kolektiboa) absurdoa eta umorea oholtza gainean uztartuz eta Macho Grita (Alberto San Juan y banda), komedia musikala, Estatu espainiarreko historiari eta matxismoaren eraikuntzari buruzko ikuspegi kritiko bat eskainiz.

Musikari dagokionez, egitarauak zazpi kontzertu jasotzen ditu guztira, hainbat musika estilo uztartuz eta publiko zabalari zuzendutako proposamenekin.

Denboraldiko ekitaldi nabarmenenetako bat Eider Etxeandia Heitxi zornotzarraren kontzertua izango da. Erromeria, lehiaketa eta haur ikuskizunetan parte hartu ondoren, bakarkako lehen diskoa aurkeztuko du martxoaren 7an.

Musika eskaintza osatuz, Go!azen 11.0 gazte ikuskizuna eskainiko da martxoaren 1ean eta Zornotzako Musika Bandak hainbat kontzertu eskainiko ditu, hala nola Emakumeak Oroituz, emakumeek musikaren historian izan duten ekarpena nabarmentzeko, eta Jai-Giroa Gogoan, jai herrikoien doinuak berreskuratzeko. Estatu Batuetako bluesaren ukitua ere izango da, “Paris Slim” eta “Jerron Blind Boy Paxton” artisten eskutik.

Dantza emanaldiak

Dantza zaleentzat, Lana (Osa+Mujika) emanaldiak lan-kulturari buruzko hausnarketa batera gonbidatuko ditu ikusleak, martxoaren 28an, dantza garaikidearen eta irudi bisualen arteko konbinazio hipnotiko baten bidez.

Familientzako ikuskizunek ere aukera zabala izango dute Zornotza aretoan, etxeko txikienek ere kulturaz goza dezaten. Hala, hainbat antzezlan eskainiko dira familia zornotzarrei zuzenduta, haien artean Elara, bidaia bat izarretara (Mar Mar), haurren dolu prozesua lantzen duen istorio poetikoa, eta Scrooge eta mamuak (Khea Ziater), Dickens-en klasikoaren egokitzapena. Horrez gain, Ostirala iritsi da! (Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore) umorez eta abenturez betetako proposamen dibertigarria izango da. Amaitzeko, Moko, Indalecio Bizkarrondo ‘Bilintx’ (Gorakada) antzezlanak bertsolaritzaren eta hitzaren boterearen inguruko kontakizun hunkigarria aurkeztuko du.

Sarrerak dagoeneko eskuragarri

Ekitaldietarako sarrerak dagoeneko salgai daude udalaren webgunean. Egitarau osoa, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna