Alexandru Stanciuren '¿Quién nos disparó?' 2025eko dFERIAn (argazkia: Gorka Bravo)

Antzerkigintza berriak hautatzeko deialdia zabalik da

Hautagaitza aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da, 14:00etan.

Gasteizko Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak Antzerkigintza Berriak programa abiatu dute, bederatzigarren urtez, dramaturgo berriei eta beste diziplina batzuetakoei antzerki-mundurako sarbidea errazteko.

DSS2016k bultzatu zuen programa hau, haren ondarearen zati bat da, eta sortzaileen eta dramaturgoen sare bat sortzea du helburu, ohiko bakar-lana eta hain ohikoa ez den talde-lana konbinatuta, material dramatikoen harrobia osa dezan, antzerki-konpainientzat eta sorkuntza eszenikoarentzat erreferente izango dena. Halaber, ekinbide honen helburua antzerki-testu berriak sortzea da; testua, partitura gisa ulerturik, zeina zuzendari bati ematen baitzaio eszenaratu dezan.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, “hautaturiko pertsonek, gehienez ere zortzi, obra dramatiko bat garatu beharko dute bost hilabetean, arte eszenikoetako profesionalen gidaritzapean. Laborategi horiek 2026ko otsaila eta apirila bitartean egingo dira. Datak eta lekuak behar adinako aurrerapenez jakinaraziko dira. Laborategiak egin ondoren, sortutako obra dramatikoen artetik bat, bi edo hiru hautatuko dira eszenaratzeko, parte hartzen duten hiru antzokiek ekoitzita”.

Horretarako, antzokiok beren aretoak, azpiegitura, langileak eta material teknikoa lagako dituzte ekoizpen horietarako. Halaber, antzoki bakoitzak bere gain hartuko du hautaturiko piezen emanaldia egitea.

Hautagaitza aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da, arratsaldeko 14:00etan. Deialdiari buruz informazio gehiago nahi izanez gero, arteeszenekoak@donostia.eus helbidera idatzi.

Oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna