'Apaiz kartzela' filma

‘Apaiz kartzela’ dokumentala azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan

Filmak munduko apaizentzako kartzela bakarra, Vatikanoaren eta Francoren artean Zamoran sortutakoa, du hizpide, eta frankismoaren zapalkuntzaren aurka altxatu ziren apaizen borroka dakar gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta.

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek zuzendutako Apaiz kartzela dokumentala azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan.

1968. eta 1976. urteen artean 50 bat apaiz, gehien-gehienak Euskal Herrikoak, kartzelara sartu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso zituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Honako hau mundu osoan izan den apaiz kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistaren eta Vatikanoaren arteko konkordatua zela eta sortutakoa. Eskubide zibilak defendatzeagatik kartzelara sartu zituzten eta tunel bat eginda ihes egiten saiatu ziren apaizen historia. Hamarkada batzuk beranduago, diktadorea aspaldi hil zen arren, protagonistek eutsi egiten diote memoriari, gertatutako guztia ahanzturan eror ez dadin.

Luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dira dokumentalean: Xabier Amuriza; Josu Naberan; Juan Mari Zulaika; Eduard Fornes; Julen Kaltzada; Jon Etxabe; Periko Solabarria; Periko Berrioategortua; Juan Mari Arregi; Martin Orbe; Felipe Izagirre; Lukas Dorronsoro; Vicente Couce; Nicanor Acosta; Mariano Gamo; Josep Maria Garrido; Andreu Vila; Jose Antonio Calzada; Lukas Dorronsoro; Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.

Francisco Franco diktadorea, Vatikanoaren konplizitateaz, apaizentzat munduan eraikia izan den kartzela bakarraren egilea izan zen. Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik ezta aitorpenik jaso kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan.

Izan ere, “espainiar Estatuan memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere”, adierazi du lantaldeak. Maria Romilda Servini epailea da horren lekuko. Argentinarrak Franco diktadorearen krimenen kontra planteatutako kereilaren parte dira Zamorako kartzelan preso egondako hamasei abade ohiak. “Garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak berrituko ditu filmak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago”, azaldu dute. Ritxi Lizartza zuzendariaren arabera, “jazo zen garai hartan, 1965 – 1967 aldean, oso entzutetsua izan zen; besteak beste, orduan gertatutako beste auzi politiko batzuekin lotura izan zuelako: Burgosko Prozesua, esaterako. Baina gerora, demokrazia garaian, ematen du, adin batetik gorakoengatik ez baldin bada, ez litzatekela gogoratuko. Jendeak ez du ezagutzen 1968 – 1976 artean Zamoran apaizentzako kartzela bat egon zenik”.

Zabaldu: