Metrokoadrokaren 'Zeozertan dabil baina ez dakit zertan' antzezlana

Apirila eta ekaina bitartean arte eszeniko eta musika programazio zabala eskainiko dute Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak

Apirileko lehen ikuskizuna ostiral honetan iritsiko da Sun eta Marsel magoen Zientzialariak izeneko antzezlanarekin. Publiko familiarrari zuzendutako emanaldi hau 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Oreretako Lekuona Fabrikak eta Niessen Kulturguneak arte eszeniko eta musika programazio zabala eskainiko dute apirila eta ekaina bitartean, adin zein gustu guztietara zuzenduta. Azaldu dutenez, “kalitate handiko lanak ikusteko eta punta-puntako dantzari, antzezle zein musikariz gozatzeko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek”.

Apirileko lehen ikuskizuna ostiral honetan iritsiko da Sun eta Marsel magoen Zientzialariak izeneko antzezlanarekin. “Gargot irakasleak eta Ladelai magoak ikusleak asmakizunen mundu zoragarrian murgilaraziko dituzte, ilusionismoaren eta efektu berezien nondik norakoak ezagutuz”. Publiko familiarrari zuzendutako emanaldi hau 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Lekuona Fabrika dantzan jarriko duen La Sra. Tomasa talde kataluniarrak Alegre pero peligroso diskoa aurkezteko kontzertua eskainiko du hilaren 22an, 20:00etan.

Antzerki ikuskizunekin jarraituz, hilaren 30ean, Metrokoadroka konpainiaren Zeozertan dabil baina ez dakit zertan lana ikusteko parada izango da arratsaldeko 19:00etan Niessen Kulturgunean. Familiaren ideiatik tiraka sitcoma eta poesia bisualaren arteko obra da honakoa. Hari horretan, familiari loturiko galderek, kontraesanek eta umorezko zirtoek zeharkatuko dute antzezlana.

Maiatza indartsu hasiko da; izan ere, Maitane Sarraldek Desªnuda dantza ikuskizuna eskainiko du publiko familiarrari zuzenduta, hilaren 12an. Korapiloaz eta hustasun biluziari buruzko dantza garaikideko emanaldi hau arratsaldeko 18:00etan hasiko da Niessen Kulturgunean.

Hilaren 13an, Formol Laborategiak Album antzezlana eskainiko du azkenengoz. Bira amaiera proposamen bereziarekin ospatuko dutela iragarri dute, izan ere, antzezlanaren ondoren, Merina Gris taldeak kontzertua eskainiko du oholtza berean. Gainera, bien bitartean Dj Miauren musikaz gozatzeko aukera izango du publikoak. Hitzordua 20:00etan izango da Lekuona Fabrikan.

Amaitzeko, Partekatu proiektuak Hombre al agua antzezlana eskainiko du Lekuona Fabrikan. Maskulinitatearen gaiari heltzen dion obra honek bere kontzeptuari erantzuten ez badio ere, horri buruzko galdera berriak planteatzen ditu, ikuspegi hurbiletik, intimotik eta berritzailetik. Bi saio eskainiko dituzte: lehena ekainaren 3an izango da arratsaldeko 20:00, eta bigarrena hilaren 4an, 19:00etan.

Ikuskizunen sarrerak eskuragarri daude jada sarrerak.errenteria.eus webgunean eta Lekuona Fabrikan. Gainera, ikuskizunaren egun eta aretoan bertan, ordubete lehenago leihatila irekiko dute sarrerak eskuratzeko, beti ere lehenago agortu ez badira.

Helduentzako ikuskizunen sarrera 9 euroan eskura daitezke eta familiei zuzendutako ikuskizunenak 3,5 euroan. Musika kontzertuen prezioa, berriz, 10 eurokoa izango da.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.errenteria.eus webgunean dago eskuragarri.

Zabaldu: